Huntington Beach: lehiaketa eta ikuskizuna nagusi
Datozen orduetan amaituko dira Huntington Beachen egiten ari diren maila desberdinetako txapelketak. Aurten ere ikuskizuna nagusitu da Kalifornian.

Ikusle gehien biltzen duen munduko txapelketa azken txanpan sartu da. Huntingtonen, modalitate eta maila desberdinetako txapelketa ugari egiten da uztaileko azken astean eta abuztuko lehen astean zehar.
Skatea, surfa eta BMX modalitateak dira nagusi, baina horrez gain zer ikusi eta zer entzun izaten da Huntingtonen kontzertu eta erakustaldi andana izaten baita. Marka desberdinek antolatutako erakusketak eta promozio ekimenak egiten dituzte. Denetarik aurki daiteke Huntington Beacheko txapelketan, horregatik pilatzen da hainbeste jende eta horregatik da garrantzitsua sponsorrentzat beren ordezkariak han izatea.
Munduko Junior txapelketa (neskak eta mutilak), mutilen Prime txapelketa eta nesken lehen mailako (WWCT) surf txapelketa dira Kaliforniako hondartza ospetsuan egiten diren txapelketa garrantzitsuenak eta guztiak aste honetan bertan amaituko dira.
Huntington Beach Kaliforniako kostaldean dagoen hondartza bat da. Bertako olatuak ez dira onak, baina han egiten diren txapelketek beste inon biltzen ez den jendetza biltzea lortzen dute eta surfaren historian itzal egin duen lekua da.
Huntingtonen aspalditik egiten dira mundu mailako txapelketak. Australiarren eta amerikarren arteko lehia oso gogorra zen garaietan, 80ko hamarkadan, Pipelineko txapelketarekin batera txapelketa garrantzitsuena zen eta Huntingtonen irabazteak ospea ematen zion lehiakideari.
Txanda eta gertaera historiko ugari gertatu izan da Huntingtongo txapelketan. 1986. urtean esaterako, Mark Ochilupo eta Tom Currenen arteko txanda surf lehiaketen historian gehien aipatu izan den txandetako bat da. Bizkarka txapelketa batean egindako lehen 360 graduko bira ere Huntingtonen egin zuen Cheyne Horanek 80ko hamarkada hasieran. Eta horrelako adibide asko jar daitezke.
1986. urtean istilu larriak izan ziren munduko surf txapelketa egiten ari zirenean. Milaka pertsona bildu zen ikuskizunaz gozatu eta festa egiteko, baina jende multzo bat poliziaren aurka oldartu zen eta txapelketa eremuan liskar gogorrak izan ziren polizien eta jendearen artean. Iaz ere gauza bera gertatu zen, jendea multzo handietan dendak asaldatzen hasi zen eta sekulako liskarrak izan ziren.
Goi mailako surf zirkuituak osatzeko olatu onak dituzten lekuak bakarrik hautatu behar direla erabaki zenean, Huntington Beach WCT zirkuitutik kanpo geratu zen, baina bertan egiten den txapelketak WCT mailako txapelketa askok baino arrakasta handiagoa duela esan daiteke.
Huntingtongeko txapelketak ez du WCT txapelketa batek adina puntuatzen (Prime kategoriakoa da), baina 100.000 dolarreko sariak munduko surflari onenak erakartzen ditu.
Prime txapelketak leku esanguratsuetan egiten dituzte. WCT bat edo Prime txapelketa bat ez da edonon jokatzen, olatu oso onak izaten diren lekuetan ospatzen dira. Olatu onik gabeko lekua izanda ere txapelketa egiten da zenbait kasutan, baina nolabait esateko osagai estrategikoa duten lekuak dira, jendetza izugarria bildu edo oihartzun mediatiko handia izaten duten lekuak.
Huntington Beach (AEBak), esaterako, ez da olatu oneko leku bat, baina jende gehien biltzen duen hondartza da. Japonian eta Brasilen ospatzen diren txapelketak ere ez dira olatu bikainetako hondartzetan egiten, baina surfaren industrian kokapen estrategikoa dute.
Mutilen Junior kategorian Matt Banting 19 urteko australiarra gailendu zen aurtengoan Huntingtonen. Nesken kasuan berriz hawaiiar bat izan zen irabazlea, Bailey Nagy, 18 urteko gaztea.
Nesken munduko txapelketa (WWCT) oraindik ez da amaitu, baina jada gauza interesgarriak gertatu dira. Izan ere, egun rankingean buru den Carissa Moore hawaiiarra final-laurdenetan kaleratua izan zen, eta finalerdietara rankingeko bigarren, hirugarren eta laugarren postuan dauden lehiakideak iritsi ziren.
Sally Fitzgibbons, Stephanie Gilmore eta Tyler Whright finalerdietan ziren, beraz, txapelketa honen ostean ranking orokorreko burua Carissa Moore ez den beste norbait izango dela asma daiteke.
Prime kategorian berriz, gaur egingo dute finala, beraz gaur bertan irabazlea nor den jakingo dugu. Aritz Aranburu zarauztarra laugarren txandan kaleratu zuen Jordy Smith hegoafrikarrak. Jordy faboritoetako bat zen, baina atzo bertan kaleratu zuen Adam Melling australiarrak final-laurdenetan.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias
