GARA

Gasteizko Udalak Jundizen ezartzeko bidea erraztu dio Mercadona saltoki kateari

Gilsa (Gasteizko Industria eta Lurra) enpresa publikoaren administrazio kontseiluak baietza eman du, Jundizen duen orube batean zentro logistiko bat ezar dadin. Mercadona da horretan interesaturik dagoen enpresa. Saltoki kateak Euskal Herrian izango lukeen banaketa zentro nagusia izango litzateke, hortik lurralde osoan zehar zabaldu nahi dituen supermerkatuei zerbitzua emateko, baita Errioxakoei eta Kantabriakoei ere.

Hitzarmen honen bitartez, hirigintza arloko tramitazio guztia aurrera eramateko konpromisoa hartzen du Gasteizko Udala kide nagusi duen Gilsa sozietateak. Esaterako, Jundizeko plan partziala aldatu beharko da. Bertan 150.000 karratu hartuko luke Mercadonaren gune logistikoak.

Miguel Garnica Hirigintza arloko zinegotziak poza azaldu zuen, ezohiko bilkura honetan harturiko erabakia dela-eta (azkar egin nahi izan dute Gilsak eta Mercadonak, Zeledonen jaitsiera gertatu baino ordu batzuk lehenago biltzeak agerian uzten duenez). Bai Jundizeko gune industrialari bai Gasteiz osoari ere mesede egingo diola uste du Garnicak.

«Zentroa eraikitzeko behar den denboran lanpostuak sortuko ditu egitasmo honek, baita gero ere lanean egongo den urteetan. Horrez gain, berez bultzada ekarriko du gainerakoentzat. Lanpostuak sortzea gasteiztarren kezka nagusia da, baita gure lehentasuna ere», ziurtatu zuen PPko ordezkariak.

151.181 metro karratu beteko du Mercadona konpainia valentziarraren gune honek. Estatuko hamahirugarren banaketa zentroa izango du. Gilsak 10,5 milioiko salneurria finkatu du. Orain hitzarmena aldizkari ofizialean argitaratu behar dute, eta alegazioak aurkezteko epea amaitu ostean sinatuko dute Gilsak, Gasteizko Udalak eta Mercadonak.

Bilduren kezkak

Prozesu honek zenbait berme izan beharko lituztekeela argudiatu du Bilduk, eta ildo horretan salatu du hain agerikoa izan den presakotasuna. Adibidez, Daewoo multinazional korearrarekin gertatu zena, hau da, «laguntza publikoak jaso ostean ospa egitea» ekiditeko neurriak hartzeko eskatzen du. Horregatik, Mercadonari Jundizen 30 urtez gutxienez egotea exijitu behar zaiola planteatu du.

Komenigarri ikusten du Araban indarrean diren lan hitzarmenak errespetaraztea, kontratazioan Gasteizko langabeei lehentasuna ematea, horietan sexu parekidetasuna bermatzea eta 50 urtetik gorakoentzat eta beste sektore ahuletako herritarrentzat kupoak ezartzea.

Mercadonak tokiko produktuak kontuan hartu beharko lituzkeela ere uste du Bilduk.

Izan ere, Gasteizko Udalak ezin duela hirigintza politika enpresa zehatz baten mesedera jarri adierazi du ezkerreko koalizioak, eta halako operazioek ez diotela soilik enpresari etekina eman behar, baizik eta hiriarentzat eta herritarrentzat ere onuragarriak izan behar direla.

Jakinarazi dutenez, Mercadonak 25 supermerkatu inguru ezarri nahi ditu EAEn, eta horiekin 1.000 lanpostu inguru sortu.