Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria
Udate

«Itxi aurretik» tour

Altxa dezatela eskua inoiz herrikoren batean jo dutenek», galdegin omen zuen epaileak musikariz betetako aretoan. Eta besoz betetako basoa bihurtu omen zen gela handia. Ez da gertatu, baina gerta zitekeen, edo gerta daiteke, hobe esan. Galdera edo baieztapena izan daiteke, zeuk aukeratu: zenbat musikari eta zenbat alditan aritu gara, logika polizialaren arabera (ba al dago beste logikarik) «the organization»-en sostengu baino ez diren elkarte horietan.

Epailea, izugarri harritu omen zen hura ikusita, eta kopuruaren larritasuna kontuan hartuta, erabaki irmoa hartu zuen, euskal musika ere helburu berekoa zela ebatziz eta dekomisatzeko agindua emanez. Ondoren badakizue, inkisizioaren festa! Jaialdiak debekatu, diskoak erre, Wikipediako sarrerak ezabatu, euskal musikariei eskainitako espazio publiko guztiei izena aldatu, Badok, Musikazuzenean eta enparauak indarrez okupatu eta itxi, irratietako disko bildumak desinfektatu... Ez da oso originala izan behar gerokoak irudikatzeko.

Nahiago nuke inork esatea, «hi, Morau, nora hoa, ez al daukak irudimena okupatzeko gauza hoberik?»... Ziur? Inork ziurtatu dezake antzeko ezer gertatu ezin denik? Ikusi zer datorren orain, herrikoak dekomisatzeko agindua, bizkarreko gogorra euskal musikariontzat, batez ere musikari pobreontzat. Besteak beste, gure «artea» konpartitzeko espazio publiko gehiago galduko ditugu (kalkulatu beharko genuke 111 lokal horietatik zenbatek programatzen zuten musika maiz, batzuetan edo inoiz).

Eta zer, lagunok? Zerbait esan edo egin beharko dugu, ez da hala? Ideia bat: aukeratu dezagun egun bat, adostu eta egin ditzagun emanaldiak lokal guzti hauen atarietan, egun eta ordu berean Euskal Herriko bazter anitzetan. Prest?