Udako kanta
Alper-alperrik saiatzen dira Euskal Herriko musika taldeak udarako kanta egokiak asmatzen. Ebrotik behera sekulako garrantzia dauka udako kantak; azken finean, musikari edo musika taldearen libretak asko potolotu ditzake kanta bakarrak. Kantua gaztelaniaz edo ingelesez izan, flamenko edo reggaeton estiloan kantatu, berdin du: mundu guztiarengana iritsiko da, eta diskoa nahi ez duenak ere, kanta hori jaitsi egingo du saretik. Eta grazia egiteko baino izan ez bada ere, guztiok harrapatu gaitu «Macarena», «Aserejé», «Torero» edo «Waka Waka» fenomenoak.
Gurean ostera, aspaldiak agintzen du. Ez naiz ni oso gaztea, baina ez nuen Kortatu zuzenean ikusteko aukerarik izan. Hertzainak-en kontzertu bakarrean izan naiz, Zornotzan, hamahiru urterekin. Itoizek urtero jotzen zuen gure herriko jaietan, eta behin, izebarik gazteena egun horretan ezkondu zelako, gurasoen altzoan entzun nituen kantu batzuk; zazpi urte nituen. Barricada eta La Polla Records hainbat alditan ikusi ditut, urteetan iraun zutelako. M-ak, Delirium Tremens, Vulpes, Eskorbuto, RIP, Jotakie... ez ditut sekula zuzenean ikusi. Hala ere, talde horietako batzuen errepertorio ia osoa dakit buruz.
Nola ez, baina? Hasi dira jaiak, eta txosnak, eta erromeriak, eta hurrengo egunerainoko parrandak, eta terrazak, eta oraindik ere «Sarri-Sarri»-rekin egiten dugu dantza. «Lau Teilatu» entzuten dugunean emozionatzen jarraitzen dugu, eta «Pakean utzi arte» jartzen dutenean, ni baino hamabost urte gutxiago dituztenek ere dantza egiten dute. Eta lehen esan dut: Hertzainak-en kontzertu bakarrera iritsi nintzen ni neu. Esan nahi dut, nik lehenengo garagardoak edaten nituenerako talde zaharrak ziren, eta orain, ehunka litro garagardo geroago, talde eta kanta berdinekin egiten dugu dantza.
Nostalgiak bizi gaituela ematen du: «orain ez da lehengo moduko musikarik egiten». Aber (Euskaltzaindiaren baimenarekin), orain lehen baino askoz musika hobea egiten da (okerragoa ere bai, noski), musikariak lehen baino askoz formatuago daude, edozein musika estilotan ausartzen den jendea dago; mesedez! Pentsa ezazue une batez, Euskal Herriko zinema aretoetako karteldegian «Mikelen Heriotza», «Akelarre» eta «Ke arteko egunak» daudela. Zer pentsatuko genuke? Bada, askotan horixe pentsatzen dut nik parrandetatik etxerako bidean.
Klasikoak hor daude, eta hor egon behar dute. Hala ere, inori ezer kendu gabe, Euskal Herrian, munduko beste edozein herritan legez, musikak izan du bere garapena, eta garapen horri esker, gaur egun euskarazko kantak Japoniaraino iritsi dira, edo hemengo taldeek atzerriko teknikaririk onenekin grabatzen dituzte diskoak. Zergatik ez diegu etxean ere merezi duten lekua ematen? Zergatik leporatzen diegu dena diruagatik egitea eta ez dakit zer? Zergatik gara hain egoskorrak? Zergatik ez ditugu gure musikarien arrakastak onartu, gehitu eta haiekin batera gozatzen?
Ni ez naiz musikan aditua. Ez dakit zein den musika ona eta zein txarra. Gustuek mugitzen naute. Eta gustuek esaten didate, badirela, orain eta hemen eginagatik, gauero dantzan egiteko moduko kantuak. Ez bakarrik hamar urtean bat: «Emoiztazuz mosutxuek», «Negua joan da ta»... urtero, hilero, beti. Ehunka talde ditugu gurean, eta kanta oso onak konposatzen dituzte. Akaso, guk, komunikabideek, tabernek, txosnek... lekua egingo bagenie, kanta asko gordeko genituzke gure memorian, eta betikoek ez gintuzkete gogaituko.

«Si hay un acuerdo con el estatus, será porque supone un salto»

Nueve miembros del equipo rectoral derrotado de EHU, altos cargos del PNV

Euskal gazteriaren txinparta, txanportan

EH Bildu, con «certidumbre» y «sin ansiedad» hacia una República vasca
