Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Behin batean, ametsean

Amets egin dut, gaur ere. Udako jaietan zen herriko plaza baten erdiko kioskoan nengoen ni, trikitixa eskuan. Ama, ama! ametsak amets! Eta nire inguruan ehunka lagun oihu betean: beste bat, beste bat...! eta nik neure barruan: demontre, aurrekoa izan da osorik dakidan pieza bakarra! Ondo da, pentsatu dut, plaza zailagoetan nago ni egonda, beraz aurrera! Beste batzuk ere musikaz fitsik jakin gabe ibiltzen dira bestelako plazetan, kontzertu ekonomikoaren doinupean. Tira, trikitira! Trastea berriro jaso eta trikimailu bat pasatu zait burutik. Aurrean zegoen jendetzari zera esan diot, ozen esan ere: «Konforme! Hemen beste kanta bat, eta azkena, ponentzia batean geratuta nago eta, baina ni kantatzen hasi eta zuek segituko... bai?» eta oihu bakar batean: «baiii!» Hala bada hala biz eta hala ez bada, ora pro nobis, pentsatu nuen neure baitan.

Eta abiatu egin nintzen, nire hatsak maisuki mugitzen zirela, esker-eskuin, trastearen tekletatik, hori bai, zapaldu barik: «Behin batean Loiolan...» eta eskuak altxatuta jendeari txanda pasatu nahi nion, ahotsa eman edo... halako batean bazterreko arkupean jesarrita zeuden edadetu batzuk aitaren batean altxa eta aho batez: «...erromeria zan...». Eta nik buruarekin ezetz, hori antzinako bertsioa zela, XXI.a zela gaurkoa. Eta berriz abiatu nintzen: «Behin batean Loiolan...» derrepentean izkina batetik atera zen gazte talde bat «...elkarrizketa zan...». Eta nik buruarekin ezetz, jaiak ez politizatzeko adierazte aldera. Bueno, azken saioa!, pentsatu nuen. «Behin batean Loiolan...» eta ondoko klausura-komentuko leiho txiki baten burdinen artetik zetorren soinu apalak plaza osoa hartu zuen une batez, komentu hura bafle-fabrika bat balitz bezala «...homilia bat zan...». Izoztuta geratu ginen plazakoak. Geroxeago jakin nuen Sor Kunde izenekoa zela moja hura, telebista saioren batetik ere pasatua zela, aurkezle, eta, ustez, kristauzalea. Amen, pentsatu nuen. Trastea kutxan sartu, bueno, kutxa zenekoan, eta eskaileratan behera egin nuen. Minutu batean hutsik zen plaza. Eta isil, leihotxo hartatik hedatzen segitzen zuen murmurio soinudunetik aparte, esan nahi dut.

Dzast! ostia! zer izan da zarata? Ohe ondoko behegainean nengoen, nonbait lurra hartuta. A! Eguna urratzen hasi da.