BBKren Gizarte Ekintzari esker, 3.000 neska-mutilek gozatu dute udalekuez

Ekainaren 23tik abuztuaren 9ra bitartean 7 eta 13 urte arteko 3.000 neska-mutil Sukarrieta eta Briñasko udalekuetan izan dira. BBKren Gizarte Ekintzak 60ko hamarkadatik antolatzen ditu udalekuak, eta bizkaitarren artean «sakonen erroturiko eta onarpen handieneko jardueretako bat» dira BBK beraren esanetan.
Hamabi txandatan banaturik (seina leku bakoitzean), oporren zati bat udaleku horietan igaro dituzte haurrek. Sukarrietan, aldi bakoitzean 200 neska-mutiko hartu dituzte. Errioxako Briñas herrian, berriz, txandak jendetsuagoak izan dira, bakoitzean 300 gaztetxo izan baitira.
Ohi bezala, aukera hau baliatu duten haur gehienak Bizkaikoak bertakoak eta Arabakoak izan dira. Hori bai, urrutiagotik etorritako talde bat ere izan da aurten, Kataluniakoa hain zuzen ere.
Aisialdi aberasgarria
Udalekuok bi helburu nagusi dituzte. Batetik, «lana eta familia bateragarri egiteko aukera ematea», eta, bestetik, «aisialdi aberasgarri eta hezigarriaren erreferente izatea». BBKren Gizarte Ekintzak adierazi duenez, «gizarte premia berrietara pixkanaka egokitutako gizarte eta hezkuntza arloko esku hartze zerbitzua» eskaintzen dute udalekuek. Garai batean baliabiderik gabeko edota osasun arazoak zituzten neska-mutilentzako zerbitzuak izatetik, egun «aisialdia eta bizikidetza jarduera modernoekin uztartzen dituzten hezkuntza garapenerako osagarriak izatera» igaro dira BBKren udalekuak.
Hala, «naturgune pribilegiatuetara», azken teknologiak ere eraman dituzte, eta, horrela, egonaldien egunez eguneko jarraipena egiteko aukera ematen zuen bloga ere izan dute martxan BBKren webgunean udalekuetan zehar.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
