Idoia Etxeberriak eutsi egin dio txapelari

Lau urte eta gero berriro jokatu da emakumezkoen Euskal Herriko Harri-jasotze Txapelketa, baina txapelduna ez da aldatu, Idoia Etxeberria izan baita berriro ere txapelduna, Aian jokatutako final handia eskuratuta.
Idoia Etxeberriarekin batera, Estitxu Almandoz izan zen herenegun neurtu zen beste harri-jasotzailea, eta kirolari bakoitzak 87,5 kiloko zilindro zaharra, 75 kiloko kubikoa eta 62,5 kiloko bola erabili zituen hiruna minutuko txandan. Idoia Etxeberria harri guztiekin gailendu zen. Zilindro zaharrarekin hasi ziren lanean, eta Etxeberriak 17 jasoaldi eman zituen; Almandozek, berriz, 12 aldiz berdindu zuen harria bizkarrean. Bigarren harriarekin ere, kubikoarekin, Etxeberriak 20 jasoaldi eman zizkion, eta hamar gutxiago lortu zituen Almandozek. Beraz, txanda bakar bat geratzen zen dena amaitzeko, eta ordurako dena erabakita zegoen. Ezer gertatu ezean, Etxeberriak txapela segurtatuta zeukan.
Bolarekin ere Etxeberria izan zen onena. 27 aldiz berdindu zuen bizkarraren gainean Idoia Etxeberriak, eta honekin marka eder bat egin zuen. Almandozek ere ez zuen lan txarra egin, eta 21 aldiz jaso zuen bola. Lehen aldiz plazaratu zen txapelketa ofizial batean Almandoz, eta ezin esan lan txarra egin zuenik, nahiz eta ez zuen irabazi. Etxeberriak, berriz, azkeneko txapelketan baino lan hobea egin zuen. Orduan ere berak irabazi zuen, baina herenegun orduan baino 1.000 kilo gehiago jasotzea lortu zuen.
Guztira Idoia Etxeberriak 64 jasoaldi lortu zituen, denera 4.675 kilo jasoz bizkarraren gainera. Almandozek, berriz, denera 43 jasoaldi lortu zituen, guztira 3.112,5 kilo bizkarreratuz.
Lasto-altxatzea
Aiako pilotalekuan bertan jokatu zen baita ere Gipuzkoako lasto-altxatze txapelketa, eta Andoni Agirreurretak lortu zuen txapela. 45 kiloko lasto fardoarekin aritu ziren lanean, eta zazpi metrora altxatu behar zuten, eta, horretarako, bi minutuko txanda bana izan zuen kirolari bakoitzak.
Andoni Agirreurretak uste baino errazago lortu zuen txapela, guztira 18 jasoaldi lortu baitzituen. Peio Argaia zizurkildarrak lortu zuen bigarren postua, baina lau jasoaldira geratu zen, izan ere, 14 aldiz jaso zuen 45 kiloko lasto fardoa.
Mattin de la Sotilla sailkatu zen hirugarren eta azken postuan, berak zortzi jasoaldi ematea bakarrik lortu baitzuen. Guztira hiru kirolari aritu ziren Aian jokatutako finalean.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
