Udate

Azpiazuren hiri paisaiak dakartza Photomuseumek

Salvador Azpiazu (1867-1927) batez ere Paris eta Madrilen artean bizi izan bazen ere, maiz etortzen zen, argazki-kamera eta tripodea besapean hartuta, sorterri zuen Gasteizera. Zarauzko Photomuseumen, argazkilari izateaz gainera ilustratzaile ere bazela ekarri nahi dute gogora, 1900. urte inguruan egindako lanen bidez.

Salvador Azpiazu Imbert (1867-1927) ez zen argazkilari profesionala. Ikasketaz ingeniari, Nekazaritza Ministerio espainolarentzat aritu zen lanean, eta Madril eta Paris artean eman zituen bere bizitzako urte gehienak. Hala ere, sekula ez zuen bere sorlekua, Gasteiz, ahantzi eta beharrak uzten zion aldiro etortzen zen Euskal Herrira, betiere horren maite zituen argazki-kamera, tripodea eta gainerako tramankuluak bizkar gainean hartuta. Baita papera eta lapitza ere. Horren lekuko, atzo zabaldutako eta irailaren 14ra arte Zarauzko Photomuseumen izango den erakusketa.

Gaztetatik Bartzelonan bizi izan zen Azpiazu, Madrilera joan zen gero eta, Parisen, 1894-1895. urteen artean «L'univers Ilustré» aldizkarian ilustratzaile aritu zen, gaurkotasuneko marrazkiak egiten. «La Ilustración Artística», «La Estrella de la Torratxa» eta «La Esfera» argitalpenentzat ere aritu zen marrazkiak egiten. «Bidaiari nekaezina izan zen, eta etengabe bidaiatu zuen Parisera, Andaluziara, Madrilera, Gasteizera... Bere azken lanetariko bat bere lagun idazle Alvarez Quintero anaien `La Bendita Tierra' proiektua ilustratzea izan zen eta hori da hona ekarri nahi izan duguna, bere argazkiekin batera, noski», azaldu du Photomuseumeko arduradun Ramon Serrasek. Liburu horretan Azpiazuren 121 marrazki ageri dira eta horietatik hamalau ikus daitezke erakusketan, 50 argazkirekin batera. Denak dira 1900. urte inguruan eginak.

Guztiak dira Euskal Herriko paisaien ilustrazioak edo bertan hartutako irudiak eta, besteren artean, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plaza, Bilboko merkatua edota Zeanuriko tranbia ikus daitezke. Hiri paisaiak guztiak. Batzuetan baserritarrak ageri dira euren produktuak merkatura garraiatzen; besteetan apain jantzitako emakumeak, paseoan. «Etxeko paisaia egin nahi izan zuen, nolabait bere oroitzapen horiek iruditan jaso nahi izan zituen eta, bere argazkien bidez, garaiko lekukotasuna ematen digu. Badu zerbait etnografikotik; paisaiez gain, unean eramaten zituzten jantziak, zeramaten bizimodua, eta abar ezagutzeko ere balio duelako. Adibidez, merkaturaino produktuak garraiatzeko astoak kartolekin nola eramaten zituzten irudikatu zuen, eta halako kontuak».

Azpiazu ez zen argazkilari profesionala, ez zuen argazkilaritzaren gaineko jakintzarik jaso baina, Serrasen hitzetan, horrek izaera berezia ematen die bere lanei: «Normalean garai hartan argazkilariak etxe oneko jendea izaten ziren. Makinak behar ziren, bidaietarako bitartekoak... bera margolaria zenez, bazuen enkoadraketa eta konposizioaren gaineko jakintza, eta hori erabili zuen argazkilaritzarako. Sentikortasun berezia zuen. Normalean, argazkilaria argazkilari da eta margolaria margolari, eta hemen ikusten da Azpiazuk bi alde horiek bazituela, horregatik erakutsi nahi izan ditugu biak elkarrekin, nola pertsona berak joka dezakeen bi modu horietara». Irudiak Gasteizko Udal Artxibategitik ekarri dituzte, Azpiazuren ilobak 1960. urtean hari eman baitzion gasteiztarrak utzitako obra: orotara, kristalezko mila negatibo. «Garai hartan halakoak izaten ziren negatiboak, kristalezkoak. Kristalari emultsioa ematen zioten eta bertan ateratzen zen negatiboa; gero, handik ateratzen zen positiboa», argitu du Serrasek, eta argazkilariaren lanak izan dituen aldaketak ekarri dizkigu gogora. Bere hitzetan, orain zail egiten da argazkilariaren lana zelakoa zen irudikatzea: «Tripodea eta tramankulu guztiak gainean hartuta joan behar izaten zuten edozein lekutara eta asko pentsatzen zuten argazki bakoitza atera aurretik; orain bezala kolpean bostehun argazki ateraz gero, pentsa ze garestia eta nekeza litzatekeen gero horiek guztiak errebelatzea!».

Erakusketara eramango zituzten irudiak hautatzea ez zaie horren nekeza egin, batez ere aurretik ondo baino hobeto zekitelako zer zen irudikatu nahi zutena. «Hiri paisaiak. Artxibora joan aurretik zer nahi genuen bagenekien, eta hala erraza izan da hautaketa egitea, funtsean gaiarekin bat zetozenak hartu ditugu. Aurrekoan ere, Parisekoan [Photomuseumek 1997. urtean Azpiazuk Parisen egindako lanaren erakusketa jarri zuen ikusgai], gauza bera egin genuen. Guk beti esaten dugu ez ditugula artxiboak erre nahi; hau da, Azpiazuren erakusketa orokor bat egitea baino egokiagoa dela gaika sailkatzea. Hala hiru-lau erakusketa atera daitezke eta argazkilaria ezagutzeko bide hobea da». Azpiazuk hiri paisaiaren alorrean egindakoa, behinik behin, irailaren 14ra arte egongo da ikusgai Zarauzko Photomuseumen.

Argazkilaritzaren oinarria ezagutuz

Argazkilaritza ez da kameraren botoiari sakatzea. Hori argi du Ramon Serras Zarauzko Photomuseumeko kideak, eta Salvador Azpiazu argazkilari eta ilustratzaile gasteiztarraren lanaren gaineko erakusketak orain mende pasatxo argazkilaritza nola ikusten zen ezagutzeko ere baliagarria dela uste du: «Ordukotik oraingora sekulako aldea dago; kristalezko plakak ziren, zuri-beltzean, norberak errebelatu behar izaten zituen... Orain, digitalarekin, momentuan botatzen dituzu argazkiak, atzeko lan hori guztia galdu egin da nolabait». Garai hartan, argazki bakoitzaren atzean zegoen ahaleginak -ekonomikoa zein denboraren baitakoa- argazkilaria pentsatzera eta, nolabait, argazkia bera hausnartzera eramaten zuela uste du Serrasek: «Ezin ziren bostehun argazki bota, hautaketa egiten zuten, teknika gehiago garatzen zen eta horrek denbora eskatzen zuen. Zeharo ezberdina da egungo argazkilaritza».

Artxiboetan gorderik dauden «altxorrez» ere aritu da, horiek duten balioaz, «argazki horietan lekukotasun bat ere badagoelako eta informazioa ematen digute uneko bizimoduaz, janzkeraz, kirolaz... gizarteaz. Artistikoaz aparte, beti du alderdi etnografiko hori».

A.A.