«100 metro karratu» antzezlana estreinatuko da gaur, Donostian
Donostiako Antzoki Zaharrean gaurtik igandera «100 metro karratu» antzezlana izango da ikusgai 20.00etatik aurrera. Txalo Produkzio Etxeak ekoitzitako komediak Iñake Irastorza, Ana Elordi eta Ramon Agirre ditu protagonista.

Juan Carlos Rubiok idatzitako «100 metro karratu» antzezlana estreinatuko dute gaur Donostiako Antzoki Zaharrean. Komedia hau igandera arte izango da ikusgai Gipuzkoako hiriburuan, eta eguneko saio bat eskainiko dute bertan -arratsaldeko 20.00etan, Antzoki Zaharrean- .
Txalo Produkzio Etxeak ekoitzitako eta Begoña Bilbaok zuzendutako antzezlana Victoria Eugenia antzokian aurkeztu zuten atzo. Bertan, obran parte hartuko duten hiru aktore euskaldunak -Iñake Irastorza (Lola), Ana Elordi (Sara) eta Ramon Agirre (Dioni)- bildu ziren.
Rubioren bizipen pertsonal batean oinarritutako kontakizuna da. Duela urte batzuk, etxe bat erosteko asmotan zebilen eta atsegin zuen pisu baten iragarki bat ikusi zuen. Pisuko jabearekin -hirurogeita bost urteko emakumea- harremanetan jarri, eta honek jakinarazi zion bera etxe horretan biziko zela hil bitartean. Zenbait zalantza eta buruhausteren ostean, Rubiok etxea erosteari muzin egin zion.
Etxea erosi izan balu bere bizitzak jasango zituzkeen aldaketen inguruan hausnartzen hasi zen antzezlanaren egilea. Horiek horrela, zalantza pertsonalak argitzeko helburuarekin, «100 metro karratu» obran lanean hasi zen.
Txalo Produkzio Etxeko Xabier Agirre zuzendariaren hitzetan, «entseguak ikusita, ikusleek oso gustukoa izango dute antzezlana».
Gainera, Iñake Irastorza aktoreak atzoko agerraldian jakinarazi zuenez, antzezlanak ikuslea «barre egitera, ondo pasatzera eta hausnarketara» bultzatuko du. Eta beraren aburuz, azken ezaugarri hori da lan honen bertuterik garrantzitsuena; gogoeta egitea «beti ongi etorria dela» uste baitu.
Sara pisu bila dabil eta gustuko duen etxeak badu zerbait gaizki datorkiona; etxearen jabeak, Lolak, bertan bizi behar du.
Lolak hirurogeita bost urte ditu eta bihotza oso ahuldua dauka, zigarroak etengabe erretzen ditu eta uneoro edaten du. Panorama hau ikusita, Sarak pisua erostea erabakitzen du eta andrearen azken eguna noiz iritsiko zain geldituko da. Eguna ez da iristen eta egoera larrituz doa.
Komedia honetan nabarmentzekoak dira bi pertsonaia nagusien arteko norgehiagokak eta Dionisioren umore zertzeladak.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
