Jon LEUNDA
Top 14

Mailari eustea izango da Avironen helburu nagusia

Zuri-urdinek ez dituzte aldaketa gehiegi egin jokalarien artean, baina aulkian bai, Patricio Noriega baita entrenatzaile berria. Denboraldia gaur hasiko dute, etxean, 20.45ean, Toulon txapeldunaren aurka.

Ia hamarkada bat eta gero, Top 14an euskal talde bakarra izango da. Lehen Biarritz bakarrik ere aritu zen, baina errugbi profesionala eratu zenetik aurreneko aldiz faltako da talde zuri-gorria mailarik gorenean.

Avironek urte asko daramatza azkeneko jardunaldian jaitsieratik libratuz, nahiz eta denboraldiaren hasierako asmoak eta helburuak hori baino askoz ere hobeak izan, baina aurten ez dute horrelako ezer. Helburu bakarra jarri dute, eta hori Top 14ari eustea izango da.

Talde lapurtarrak iazko taldearekin alderatuta ez du aldaketa gehiegi egin. Batzuk egin ditu, baina jokalaririk gehienak bertan jarraitzen dute eta hori ere garrantzitsua izango da, aurreko sasoien aitzinetik aldaketa asko izan baitira Jean Dauguerreko aldagelan.

Aldaketarik handiena aulkian etorriko da, Patricio Noriega hain zuzen. Argentinarra da, baina Australia ere bikain ezagutzen duena eta bi kultura horiek bikain uztartzen dituena. Hori gutxi ez, eta Top 14a ere ederki ezagutzen du, iaz Stade Françaisen aritu baitzen.

Bere gidaritzapean, talde lapurtarrak arazorik gabe jokatu nahi du aurten, eta ez dute azkeneko jardunaldira arte itxaron nahi datorren denboraldian ere onenekin jarraitzeko txartela lortzeko. Noriegak, gainera, alboan oso aurpegi ezagunak izango ditu, bere lantaldean jokalari ohiak izango baititu, eta denak ere Avironen aritutakoak.

Horrela, Nicolas Morlaes izango du atzelarien entrenatzaile, Lindek landuko ditu alboko sakeak, eta Dani Larretxeak, berriz, hankarekin egindako jaurtiketak landuko ditu. Jean Michel Gonzalez, azken urte hauetan euskal errugbiak eman duen ikurrik handienetakoa, berriz, entrenatzaileen aholkularia izango da. Horiekin guztiekin, denboraldi ona egitea espero dute, eta mailari eustea.

Aurrekontua ere apur bat jaitsi da, eta horrekin jokalariek ere apur bat gutxiago kobratuko omen dute. Krisiaren eragina leku guztietara heldu da, nahiz eta oraindik batzuek izango duten dirua soberan.

Fitxatze gehiegi ez dira izan, baina bajak ere ez. Agian, joan direnen artean Tialata, Bernad edo Manukula izan daitezke aipagarrienak, baina etorri direnen artean ere badira izen handikoak, eta horietako bat Zeelanda Berritik etorritako Blair Stwart da aipagarriena. Honek ere Top 14a ederki ezagutzen du, Grenoblen aritua baita. Ezin ahaztu Giorgi Jgenti georgiarra ere, berak bete beharko baitu Tialata jokalari garrantzitsuaren hutsunea.

Avironek ez du liga hasiera erraza izango, gaur bertan ekingo baitio eta egungo txapeldun Toulon hartuko baitu Jean Dauguer estadioan, 20.45ean hasita. Frantziarrak iazkoa errepikatzeko asmo argia dute.

Taldea ere oso ongi indartu dute frantziarrek. Bere izar nagusietako batek, Wilkinson ingelesak, errugbia utzi du, baina horren ordezkoa ere ekarri dute, eta ez edonolakoa, hain zuzen, Halfpenny galestarra fitxatu baitu. Bera ere jaurtitzaile bikaina da, eta aurreko bere taldean, Cardiffen, bai eta Galeseko selekzioan ere ezinbesteko jokalaria da. Puntu eta garaipen asko ematen dituen jokalaria da eta komenigarria izango da Avironentzat falta gehiegi ez egitea, bestela ez du erraza izango garaipena lortzea, jokalari erabakigarria baita.

Ikusmin handia dago Baionan,oraindik abuztuaren erdian gauden arren. Jean Dauguerreko harmailek jende asko batuko dute eta, betetzea zaila izango bada ere, ez da oso urrun ibiliko. Aviron oso indartsu agertu da beti etxean, eta ongi hastea garrantzitsua da.

Biarritz

Aurten Top 14an arituko ez dena Biarritz da; izan ere, zuri-gorriek Pro 2 Mailan jokatu beharko dute, iaz Top 14an azken lekuan amaitu ostean. Aurtengo helburu nagusia berriro ere onenen mailara itzultzea izango da, eta horretarako ekarri dute Eddie O'Sulivan entrenatzaile irlandarra. Jokalarien artean, ikurrak izan diren batzuk, Dimitri Yachvilik, Traillek edo Imanol Harinordokik, esaterako, ez dute jarraituko.

Lau horiekin batera, zaleen kuttunetako bat Ngwenya zen. Nahiz eta eskaintzak izan dituen, Agileran jarraituko du, eta jendeak eskertuko dio. Etorri direnen artean, berriz, De Luca eskoziarra, Montanella, Noirot eta Boloubne. Guztien artean taldea goi mailara itzultzen saiatuko dira. Zuri-gorriek abuztuaren 24an hasiko dute denboraldia.