GARA DONOSTIA
UDATE BETE

Donostiako Piratek Aste Nagusiaren balorazio «positiboa» egin dute

Piratek aurtengo Donostiako Aste Nagusiaren balorazio «positiboa» egin duten arren, «jarrera onartezinak» ere izan direla ohartarazi eta jaietan salatutako eraso sexistak nabarmendu dituzte. Piratek kaleratutako balorazioan «jaiak eduki sinbolikoz beteta dauden adierazpen sozialak» direla gogorarazi dute eta «kalea eta gauak, denonak» izatea nahi dutenez, «erasoei erantzuteko prest» daudela argi utzi dute.

Salaketa hau eginda, gainerako arloetan bederatzi kofradien artean antolatutako egitarauak -laurogeita bederatzi ekimenez osatua- izandako harrera «bikaina» goratu dute.

Inoiz baino jende gehiagok parte hartu du, hain zuzen, aurtengo Aste Nagusian, eta Piratek antolatutako hiru guneak -La Flamenka, Nautikoa eta Kantina Pirata- egun eta gauero bete dira. Urtetik urtera, gune hauetara gero eta publiko anitzagoa inguratzen dela ere jakinarazi dute.

Bestalde, antolatutako ekimen berriek -Bizikrosa, hockey tailerra, KaleFesta...- jendetza bildu dute. Ekitaldi hauetan eta beste hainbatetan, emakumeen presentzia ugaritzen ari dela aitatzen dute, besteak beste, agertoki gaineko emakume kultur-sortzaileen presentzia gero eta indartsuagoa delako.

Kontzertuek izandako harrera ere nabarmentzekoa da. Beraien hitzetan, «Berri Txarrak-en kontzertuarekin La Flamenka sekula baino beteago egon zen, Esne Beltzaren kontzertu solidarioan ere jendetza bildu zen, Gatibuk guztiok poltsikoratu gintuen eta Glaukoma talde gazteak giro ederra sortu zuen».

Horrez gain, aurtengoan bildutako bederatzi kofradien arteko giroa nabarmendu dute; beraien aburuz, «elkar laguntzea, elkarrekin parte hartzea eta elkar ezagutzeak mugimendua indartzen du».

Astearte goizaldeko ekaitzaren inguruan, gunea husten lagundu zuen pirata ororen lana goraipatu dute. Inork minik hartu ez bazuen ere, erauntsiak kalte ekonomiko eta tekniko larriak eragin zituen. Horrenbestez, «guztion laguntza» beharrezkoa dutela eta jasotzen ari diren «laguntzari esker, hemendik indartuta aterako» direla baieztatu dute.