Loraldi berriaren zain
Kantautore bakarra ere gehiegi dela uste duzun horietakoa bazara, hobe duzu zutabe hau irakurtzen ez saiatzea, bestela, agian, zuri ere sortu zaizu azkenaldian burura bisitan etorri eta aldi baterako geratu zaidan galdera bera. Zenbat kantautore ote dago Euskal Herrian? Asko, pila, mordoa, bai, baina zenbat? 100, 200, 300... Inork gai ikusten al du bere burua zenbakiren bat emateko? Aldian aldiko loraldiak kontuan hartuta, duela hamar urte zientoren batzuk baginela esango nuke. Baina egun? Nork daki, Tapia ere kantautore hasi bada ere, kopuru horrek ordutik hona behera egin duelakoan nago. Desertzio gehiago gehitzeak baino.
Demagun inoiz publiko aurrean kantatu dutenak zenbatuko ditugula, erretiroa publikoki aitortu ez, edota azken bost urteetan oholtzaren batera (sinbolikoek ere balio dute) igo direnak, bakarrik. Ez dute zertan kanturik idatzi, kantautore kontzeptuarekin bat egiten ez badu ere, bereak ez diren kantuak kantatzen dituztenak ere zenbatuko ditugu. Hori bai, tradizioari jarraiki, gitarra jo edo gitarra-jotzaileren batekin aritu beharko dute.
Euskaraz ari direnei, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, woloferaz, arabieraz, ukraineraz edota koreeraz ari direnak gehitzen badizkiegu, orduan dezenteko kopurua bil dezakegula iruditzen zait, bestela, ez dirudi kantautoreen garairik loriatsuenak direnik hauek. Eta horrek harritzen nau, kontuan hartuta, zein estuasunekin gabiltzan, nola funtzionatzen duen musikaren negozioak, euskal herritarrontzat irekitako «ditxosozko» aro berria... Duela lau urte, harri azpietatik ere kantautoreak aterako zirela iragarri zuen horietako bat nintzen. Baina ez da gertatu. Eta badirudi urruti dagoela zeruak ireki eta euskal kantautoreen loraldi berria gertatuko den une hori.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra
