Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Ezustean hartu ustedunak

Mundua musuzapi bat da! Edo mukizapia! Hola diote, behintzat. Hortaz, imajinatzen nago, orain hilabete batzuk direla, hemengo nekazari zailduak afal ostean telebista aurrean, albistegia entzuten, Batasuna ei den Europaren ekialdeko mugako herrialdetik zetozen berriak arreta handirik gabe belarriratzen. Hango hiriburuko plaza nagusian tentsioa agerikoa zen, ukitzeko modukoa, horretarako soka aurretik eta kanpotik apropos tenkatuta. Nonbait, Batasuna ei den Europak plaza haren beharra zeukan, hango azoka bere merkatu bihurtzeko asmoz. Eta bide batez Europaren muga sortalderantz zabaltzeko, mendebaldeko ozeanoak ematen ez dion aukera ematen baitio ekialdeko lehorraldeak, zabaltzea! Jainkoarren! Hazi, haztearren! Ama, ama! Ozeano gehiago beharko ziren Lurra planetan muga, denak «Pazifikoak» ez izan arren, eta artxipelago gehiago, herrialdeen arteko orekaren babesgarri! Bide batez, hondartza gehiago izango ziren, barnealdean ere.

Tira, harira! Orduko hartan nekez lotuko zituzten hemengo nekazariek hango plazako protestak eta beren lursailetako fruituak. Orain errazago lotuko dituzte, merkataritza bideek ezkutuan dituzten era askotako sareak ulertzera ondo iritsi gabe, seguruenik. Eta horra! Melokotoia albiste orain! Lehen gasa bezala! Momentuz ez da gehiago melokotoia Errusiaratuko; zorabio gutxiago bidean, sikiera! Ezustean harrapatu omen ditu horrek berezko lana Agentzietan «ustearena» dutenak. Usteak ustel, edo! Baina arbolek fruitutan segitzen dute, berez, politikaren beroketa globalari muzin eginez. Zer egin soberako melokotoiekin? Bankuei eman, esan dute batzuek! Melokotoiak ere bankuei? Jainkoarren! Geroxeago jakin dut elikagai bankuez ari zirela. Gaitz erdi!

Esana dago tximeleta batek hegalak leku batean astindu eta planetaren bestaldean igarria izaten dela horren haizea, kaka lekuan uzten badu ere. Horren harira edo, nahi dute alkateak hautatzeko legea erreformatu, eta badaezpada zinegotziak besomotzak izatera behartu, eskuz haizerik sor ez dezaten. Berandu da horretarako! Piratek jada kostaldea dute hartu, Aste Nagusia aitzakia egutegi osoa hartzeko, eta lehorreranzko bidean dira, goitibeherez joan ere. Eta inportanteena, inongo amatxori ofrendarik egin barik ari dira, kosta barnealdera eramanez, artxipelagoak sortuz.