Hitza Hats, Hazparne eta Azpeitia euskararen alde elkartuko dituen eguna
Euskara sustatzeko abuztuaren 30ean Hazparnen antolatu den Hitza Hats egunaren bigarren edizioak Azpeitia izango du gonbidatu aurten. Azpeitiarrak aktore ere izanen dira bertsotan, dantzan eta pilotan.
«Egun herrikoia izango da, belaunaldi guztiak euskararen sustapenean inplikatu asmoz antolatua», adierazi zuen Patxi Duguine Hitza Hats elkarteko kideak abuztuaren 30ean Hazparnen eginen den ekimenaren aurkezpenean. Gure hizkuntzaren alde lan egiten duten Hazparneko eragile ezberdinen parte hartzearekin batera, Lapurdiko herriarekin senidetua den Azpeitia herri gipuzkoarreko hainbat elkartek ere parte hartu dute antolakuntza lanetan. «Elkarren artean dugun harremana indartu nahi dugu euskara karrikaratuz», gaineratu zuen Duguinek.
2013an sortu zen elkarteak Hitza Hats egunaren bigarren ediziorako ekitaldi ugari antolatu ditu: merkatua, haurrentzako jokoak, pilota partidak, bertso bazkaria, dantza, kantaldia, kontzertuak eta gaualdia. Kontzertuetan Anje Duhalde, Gatibu, Marvin, Deabru Beltzak eta Willis Drummond ariko dira. Gaualdian DJak izanen dira Ttattola gaztetxean.
Musikaz gain bestelako ekimenak ere antolatu dituzte hazpandarrek, baina, kasu honetan, azpeitiarren laguntzarekin. Hitza Hatseko kideak Azpeitira joan ziren bertako herritarrak ospakizunera gonbidatzeko: «Duela 30 urte senidetu ginen Azpeitiarekin, baina harremana anitz galdu da, eta, berreskuratu nahi genuenez, bertako auzapezarekin, elkarteekin eta gaztetxeko kideekin biltzera joan ginen».
Azpeitian jasotako harrera aparta izan zela nabarmendu zuen Duguinek: «Berehala erran ziguten ez zirela etorri bakarrik egingo, Hitza Hats eguneko aktore ere bilakatu nahi zutela». Horrela, Azpeitiko hiru elkarteren parte hartzea nabarmen daiteke programazioan. Bertso bazkarian, Erniarraitz bertsozale elkarteak parte hartuko du. Hala, Sebastian Lizaso Hazparnen izango da Amets Arzallusekin batera. Bazkaria, gainera, berezia izanen da, Biharko Lurra elkarteko jaki ekologikoekin eginen baitute.
Arratsaldeko ekitaldietan ere azpeitiarrak lagun izango dituzte hazpandarrek. Frontoian, bi herrietako pilotariak ariko dira elkarrekin. Azpeitiko dantzariak ere izango dira Lapurdiko herrian.
«Hazparnen antolatzen dugu Hitza Hats eguna, baina euskal herritar denei zuzenduta dago», azaldu zuen Duguinek. Bide horretan, Azpeitiko Udalaren laguntza izan dute, autobusak antolatu baititu Hazparnera hurbiltzeko. Jadanik ehun pertsona baino gehiagok eman dute izena.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
