Bilboko konpartsek Aste Nagusiko ospakizunetan bizitako giro ona nabarmendu dute
Bilboko Konpartsen esanetan, inoizko Aste Nagusirik alaiena izan da aurtengoa. Gainera, inork sexu erasorik salatu ez duenez, festa alaiak izateaz gain, lasaienak ere izan direla nabarmendu dute.

Itziar Villafanezek eta Jon Barradok, Bilboko Konpartsen bozeramaileek, atzo egindako agerraldian adierazi zutenez, oraingoz ez dago Aste Nagusian sexu erasorik gertatu den berririk. Datu pozgarria da, euren esanetan, aurreko urteekin alderatuz gero, aurtengo edizioa «irla» bat bihurtzeraino.
Lorpen hori erasoak prebenitzeko diseinatutako protokoloaren emaitza delakoan daude. Udalak, Bilboko Konpartsek, talde feministek eta Alde Zaharreko Merkatari Elkarteak hartu dute parte protokoloa finkatzen.
Aurtengo jai hauetan Ibon Areso alkateak izan duen parte hartze zuzena eta jarrera positiboa ere txalotu dute. Udalarekin izandako elkarlanaren harira, Festetako Batzorde Mistoak duen «potentzialtasuna» azpimarratu dute. «Argi geratu da elkarlana dela bidea. gatazkak baztertzeko garaia da».
Bestalde, ezin da hiritarren parte hartzea ahaztu. «Gora egin du eta egunean zehar izaten diren ekitaldietan ere nabaria da parte hartzea», esan dute.
Konpartsetako ordezkarientzat pozgarria da lehiaketa gastronomikoen arrakasta. «Adibidez, patata-tortilla lehiaketan 427 parte hartzaile izan ziren. Areatzan ezin dira sartu jada».
Merkatariak ere pozarren agertu dira. Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteko gerente Jon Aldeiturriagak adierazi du ostalaritzan jarduerak gora egin duela eta dendek ere funtzionatu dutela, nahiz aste hau makalena izaten den eurentzat.
Datozen urteetarako gaueko ostalaritza lokaletan pentsatu beharra azpimarratu du. «Su artifizialak hasi bitartean ostalaritza primeran doa. Baina ondoren behera egiten du, Plaza Barrian salbu, bertan egiten diren kontzertuengatik; gaua txosnena da», esan zuen atzo.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
