Entrevista
ENKARNI GENUA
TOXOTXONGILOLARIA

«Nire bidaia onenak txotxongiloekin joan izan naizenekoak dira»

Enkarni Genua (Donostia, 1942) eta txotxongiloak eskua emanda joaten dira. Enkarni nora, txotxongilo familia hara. Baita maleta eskuan bidaiatzen dutenean ere. Hain zuzen, txotxongiloekin egindako bidaiak ditu gustukoenak. Ia beti izaten da hori. Baina tarteka familia edo adiskideak lagun dituela joaten da opor egunez gozatzera, txotxongiloak etxean atseden hartzen utzita.

Bidaiatzeko plan perfektua zein da zuretzat?

Nire bidaia onenak txotxongiloekin joan naizenekoak izan dira. Bertakoekin harreman estua egiten duzu. Jaialdi batek gonbidatuta joaten gara eta hango pertsonekin hemendik harremana eginda; beraz, erraza da jendea ezagutzea. Oso interesgarriak suertatzen dira bidaia horiek. Ez zoaz hotelera, norbaiten etxera baizik. Izan ere, ez zara turista. Zure lana eskaintzera zoaz eta, ez hori bakarrik, besteen lana ezagutzera ere bai.

Niri ez zait batere gustatzen turismo masiboa egitea. Autobus batean Europa zeharkatzea. Katedral hau, laku hura... ikusiz. Normalean ez dut egiten.

Zein da inoiz ahaztuko ez duzun oporraldi hura?

Amezketan izan zen. 28 urte genituen eta senarrak eta biok euskara ikastea erabaki genuen. Gure umeekin euskaraz hitz egin nahi genuen. Donostian, garai hartan gure inguru osoa erdalduna zen, baita bion familiak ere. Beraz, Amezketara joan ginen haurrarekin, euskara ikastera. Oso egonaldi berezia izan zen. Txindoki mendipean, ermita baten ondoan jartzen ginen eta norbait ikusi eta gure euskara kaskarrean hasten ginen...! [barrez]

Aurten inon izan zara?

Alaba zaharrenak ingelesez egiten du eta urtero Europako hiriren batera joaten gara lauzpabost egunez. Aurten zilarrezko ezteiak ospatu ditugu senarrak eta biok. Bai, desagertzeko zorian dagoen espeziea gara...!!! [barrez]. Berlinen izan gara familia osoa. Hiri horrekin gauza bitxia gertatu zaigu. Duela 25 urte ere joan ginen eta egunero harresiari puskaren bat kentzen genion, hura eraisten laguntzeko. Handik itzuli eta 6 hilabetera bota egin zuten!!!! Oso aldatuta dago, eta hiri ederra da.

Antzerkia ikusteko baliatzen dituzu bidaiak?

Senarra eta biok Almagron izan gara orain gutxi. Astebetean hamar ikuskizun ikusi ditugu. Asko gustatzen zaigu, El Corral de Comedias eta beste makina bat txoko polit ditu...

Maleta ala motxila?

Maleta txikia, hegazkinean sartzen dena. Aspaldi ikasi nuen horrela egiten. Harrituta geratzen naiz aireportuetan besteen maletatzarrak ikusita. Zer sartzen dute hor...!