GARA LEKEITIO
UDATE BETE

Polimerozko antzarak erabiltzeko aukera izango da Lekeition

Kuadrilla bakoitzak erabakiko du gomazko antzara erabiliko duen edo ez. Alternatiba hau behar bezala probatu nahi du Udalak, badaezpada «noizbait animalia erabiltzea galarazi edo ez erabiltzea erabakiko balitz».

Gaur jakinarazi beharko du Lekeitioko kuadrilla bakoitzak polimerozko antzara, Antzartek-a -Gaiker IK4 zentroak egin duen gomazko ordezkoa-, erabiliko duen edo ez, datorren irailaren 5ean egingo den jai handian. Lekeitioko Udalak jakinarazi duenez, helburua «aurten Antzarteka behar den bezala probatzea da». Jakin badakite, «ondo dabilela», baina aurretik egindako probak ez dira nahiko. «Polimerozko antzarak probeta ezberdinen arabera zenbat altxada irauten dituen zehaztu behar dugu», azaldu dute.

Modu honetan, Udaleko arduradunek «Lekeitioko antzarren etorkizuna bermatu» nahi dute. «Noizbait animalia erabiltzea galarazten badute edo ez erabiltzea erabakitzen bada, alternatiba egokia eta behar den bezala probatutakoa izango dugu», onartu dute.

Argitu dutenez, Antzarteka mahai gainean jartzeko proposamena Antzara Jaiaren balorazio batzarraren ostean egin zen. «2013an hamabi potin parte hartu gabe gelditu ziren, eta horrek antzara jokoaren gainean hartu beharreko neurriak areagotu eta ezinbesteko egin zituen», azaldu dute. Gainera, Antzara Batzordeak balorazioa bere kontura egin beharrean, gainerako potin parte-hartzaileekin egin zuela gogora ekarri dute, «ospakizuna hobetu eta etorkizunera begirako egokitzapenak mahai gainean jartzeko».

Gaurko bileran parte hartuko duen kuadrilla bakoitzaren iritzia jasoko dute, eta ezer esan ezean, beren partez antzar komisioak hartuko duela erabakia argitu dute.