Markel IRIZAR
Trek taldeko txirrindularia
Vuelta

Stuyven, Hirukide

Beti entzun izan ohi dut, bizikletak udarako direla. Argi dago, eguraldi epelak, praka zein kamiseta motzak soinean direlarik, bizikletaz gozatzera animatzen gaituela. Baina, beroa ere, tamalez, neurriz kanpo denean, gehiegitxo bihurtu, eta bizikletan ibiltzea infernu bilakatzen du. Alberto Contadorri irakurri diot, barbakoa baten barruan dagoela sentitzen duela eta badirudi, ez dela madrildarra bero zakarraz nekatuta dabilen bakarra. Hala ere batzuk kexu, besteak gusturaxeago, Andaluziako etapa hauei bukaera ematen ari zaie Vueltako pelotoia eta logikak esaten digu etapa beroenak atzean utzi direla.

Aurreneko aste honetan, beroaz ondo moldatzen ez den arren, barruan daraman harribitxi horren aurreneko distirak eman dituenetariko bat Jasper Stuyven da. Seguru asko, inork gutxik jakingo duzue zein den Jasper. 22 urteko mutil gazte hau munduko txapeldun eta Paris Roubaix-eko txapeldun izan zen gazte mailan. 23 urtez azpiko Liejan podium, Flandeseko itzulia azken 100 metroetan harrapatuta galdu zuena, Belgikan, harbideko klasiketarako, zale zein komunikabideek beraien esperantza guztiak jarrita dituzten mutil aparta.

Aurten, Qatargo itzulian, egokitu zitzaidan, gure taldean bere debuta egingo zuen lasterketan gelakide izatea, eta urte batzuk hemen ibiltzeak ematen didan abantaila aprobetxatuz, nire gomendio txikiak eman nizkion. Hasieratik, gure artean «rollo» ona sortu, eta Tourrean nintzela, Vuelta prestatzeko asmotan, ia gurekin batera Pirinioetara etortzea posible zen galdetu zidan. Jasper mutil lasaia eta ixila dela jakinik, gure etxean zarata eta buila nonahi zela abisatu nion arren, gurekin etortzea erabaki zuen, eta horrela Alaitz eta biok, lehendik ere, Hirukide, hau da, familia oro kideen parte ginela, gure familia bost kidetik seira pasatzen zela ikusi dugu abuztuan zehar.

Deigarria egiten zaidana da, gurekin egon den bi asteetan, gure hiru mutilek, nahiz eta ingelesez tautik ere ulertzen ez zioten arren, Jasperri hartu dioten estima eta maitasuna, eta horrela gure etxeko kide bat gehiago bihurtu da.

Agurtzeko ordua iritsi zenean, hitza eman zigun, Pirinioetako entrenamenduak bere fruituak ematen bazituen, datorren urtean ere bueltatuko zela, eta badirudi, Belgikako prentsan «Boonen berria» deitzen dioten honek, berak espero zuen maila baino askoz hobea ematen ari dela jada, eta beragatik esaten dutena betetzen ari dela. Ez dakit Jasper, berriz ere Pirinioetako errepideetan entrenatzen ikusiko dudan, baina argi daukadana da, gure etxean, berriz ere, gure Hirukide familia zabaldu, eta gustura asko hartuko genuela berriz ere gurean. Horrela bada, neure zutabe honetatik, Tropelako porra egiteko orduan, laguntza eske deitzen didazuen horiei pista bat emango dizuet.

Ez dakit, beragatik espero den guztia egitera iritsiko den, baina apuntatu ezazue Jasper Stuyven izena zuen koadernotxotan, eta benetan opa diot, gure etxeko seigarren kidea bihurtu den mutil honi, berak dituen amets eta helburu guztiak betetzea, eta egunen baten harbideetako errege bihurtu ahal izatea.

Horrela bada, denborak esango du ia zuzen nabilen ala ez, baina urte pare batean, Jasper Flandes eta Roubaixeko faboritoetako bat bezala ikusten dut, beraz, porra edo apusturen batean, xox batzuk irabazten baduzue, badakizue afari bat ordaintzeko norekin jarri harremanetan!!! Besterik gabe, ondo izan.