Giro eder bat atzeman eta euskarari hats emateko aukera izango da gaur Hazparnen
Iazko arrakastaren ondotik bigarren aldiz ospatuko dute HitzaHats Hazparnen, euskararen aldeko eguna. Zazpi Seme Alabak elkarteak antolatu du eta Azpeitiko herritarrak izango dira gonbidatu bereziak.

Azaleraz Lapurdiko herririk zabalena da Hazparne. Zabaltasun hori baliatuz, euskarari zabaltasun gehiago emateko ingurune egokia bilakatuko da gaurkoan, egun berezi baten ospatzeko bidean baitira bertan Zazpi Seme Alabak elkarteko kideak. Bigarren edizioa dute aurten, eta antolatzaileek iazkoaren arrakastari erreparatu zioten urtero ospatzeko hitzordua finkatzeko xedez. Aurtengoan Azpeitiko herriaren laguntza ukan dute prestakizunentzat, Hazparnerekin senidetua baita herri gipuzkoarra. Ehundik gora lagun hurbilduko dira eta batez ere programazioan nabarituko da haien esku kolpea.
Kantonamenduko herritarrei egin diete dei antolatzaileek, euskal giro goxoan bil daitezen, familian eta lagun artean, baina euskal herritar orori luzatu diote deialdia ondotik. Nagusiki herri frantsesa izanik, bertakoei egunaren nondik norakoa azaltzeko ahalegin berezia egin dute antolakuntzatik eta Azpeitiko elkarte desberdinen laguntzarekin biziki egun erakargarria osatu dute: goizeko orduetan merkatua izanen da plazan, eta haurren txokoa irekiko. Eguerdian bertso bazkaria Amets Arzalluz eta Xebaxtian Lizasoren eskutik, eta Biharko Lurraren Elkarteak (BLE) antolaturik, bertako produktuak beraz eta osoki biologikoak.
Arratsaldean Azpeitia eta Hazparneko pilotarien desafioa izanen da bertsolariek lagundurik, eta baita Gipuzkoako herri horretatik heldutako dantza taldearen ikuskizuna ere. Karrika ikusgarri batek hartuko dio segida eta arratseko 19.00etan Anje Duhalderen kantaldiak emanen dio hasiera gau luzeari, Bidasoaz haraindiko eta hemengo gazteei zuzendutako kontzertuarekin: Marvin, Deabru Beltzak, Gatibu eta Willis Drummond.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra
