Idoia ERASO ORTZAIZE
Udate

Emakumeen «Alienor» pastorala gaur Ortzaizen

Aurtengoa pastoralen urtea izan da, urteroko ofizialaz gain beste bi gehiago ere izan baitira. Gaurkoan, gainera, Jean-Michel Bedaxagarren gidaritzapean apirilean estreinatu zen «Akitaniako Alienor» emakumeen pastorala Zuberoatik kanpo ikusteko parada izanen da, Ortzaizeko festetan hain zuzen ere.

Festa batzordeak gomitaturik, Jean-Michel Bedaxagarrek hemeretzi emakume zuzenduz egindako «Akitaniako Alienor» pastorala Ortzaizeko Manexen Etxean ikusteko parada izanen da gaur. Horrenbestez, pastoral ofizialak egin ohi duen bezala, Zuberoan bere bi emanaldiak egin ondoren, kanpoan ere eskainiko dute emakumeek soilik eginiko antzezlana.

XII. mendean bizi izan zen Akitaniako Alienor erreginaren historia ezagutzeko parada izanen da, aitzinako pastoralen forma atxikitzen duen emanaldi batean. «Gure pastorala aski tradizionala da: neskekin egina da, talde ttipian, eta koreografia biziki sinple eta soila du, makilekin eta kantuekin», baieztatu du Maider Bedaxagar obrako arizaleak.

«Pastoral honen berezitasuna denak emazteak garela da, guk gizonen rolak ere egiten ditugu. Mota honetako azken pastorala duela 25 urte egin zen, `Ximena' izan zen, Etxaun-Irurik idatzia», azaldu du Bedaxagarrek. Pastorala egiteko manera hau «berritasun bat bezala» hartua izanagatik, «duela 300 urte horrela soilik» egiten zela azaldu du.

Pastorala XVIII. mendean egiten zen bezala osatzea deliberatu zuela azaldu du Jean-Michel Bedaxagar idazle eta errejentak: «Lehen gizonak eta neskatilak ez ziren elkartzen, eta guk lehengo maneran egin dugu». Emakumeen arteko obra egiteko arrazoietako bat bi sexuetako abeslariak «elkarrekin kantuan ematea artistikoki biziki zaila» dela baieztatu du errejentak. Bere alaba eta Amaren Alabak taldeko kantaria den Maider Bedaxagarrek bat egiten du ideia horrekin: «Egia da neskak gure artean ari garelarik, tonalitate berean, aise errazago dela. Bestela, oktaba bat baxuago egin behar izaten da, beraz, zailagoa da».

Nafarroa Beherean

Ortzaizen gaur eginen dute pastoralaren hirugarren emanaldia, udaberrian Zuberoan estreinatu ondoren. «Lau hilabete lanean pasatu ondoren bada frustrazio bat bi emanalditan soilik ematea, horregatik, kontent gara hirugarren agerraldia egiteaz», azaldu du Jean-Michel Bedaxagarrek. Nafarroa Behereko herrian toki ederra utzi dietela ere azpimarratu du, baita antolakuntza lan handia egin dutela ere.

Egitaraua ohiko pastoralaren egunetakoa izanen da. Hasteko, meza 10.00etan, eta, ondoren, 11.00etan, arizaleen desfilea. Eguerdian herriko jaien karietara egingo diren pilota partiden ostean, 16.00etarako berriz ere dena prest izanen da pastoralerako.

Azken emanaldia maiatzaren 5ean izan zela jakinik, gaurko emanaldirako buru-belarri aritu dira prestatzen partaide guztiak. «Berriz ere sartu gara gure kaieretan, ikastera. Bezperan errepika nagusia eginen dugu tokian bertan, jantzi eta guzti», aitortu du Maider Bedaxagarrek. Talde ttipia izanik arizale bakoitzak hiruzpalau rol ditu, eta horrek aldiro taula gainera jantzi ezberdinekin atera behar izatea suposatzen du. «Benetan lasterketa baten parekoa da», adierazi du.

Zuberoan obra aurkeztu zutenean oso ongi hartua izan zela azaldu du Maider Bedaxagarrek. Maulen apirilaren 20an egin zen estreinaldia «zinez arrakasta izugarria» izan zela azaldu du, «uste zena baino jende gehiago» batu baitzen. Arrakasta ikusle kopurutik harago joan zela ere nabarmendu du: «Publikoa hor sentitu genuen, kasik presente izan zen errepresentazio guztian. Behar zen aldiro, parte hartzen zuen».

«Errejent bezain beste pastoral dira orain»

«Pastoral bat ikustera joaten garelarik herriko boz ederrak entzun eta jendea ikustera joaten gara. Iruditzen zait pastorala deitzen dutela, baina bada istorio baten kontatzea euskaraz», erran du Maider Bedaxagarrek, «Akitaniako Alienor» pastoraleko eta Amaren Alabak taldeko kantariak. Aldaketa horrela azaldu du: «Azken 30 urteotan gai abertzaleak lantzen dira euskaraz, lehen gai frantsesak eta elizakoak zirelarik. Etxahun-Irurik sartu zuen euskara eta abertzaletasuna pastoraletan».

Bide horretatik aldaketak ere gehitzen joan direla adierazi du: «Horrek ekarri du estetika gehiago, dantzak ekarri ditu...». Honakoa ondorioztatu du: «Errejent bezain beste pastoral dira orain». Aurten egin diren hiru pastoralen artean neskena «tradizionalena» izan dela baieztatu du. Pier-Pol Berzaitzen «Petti buhame» pastoral ofizialaz, berriz, «Berzaitz oso berritzailea da» erran du. Eta «Gerezien denbora» ikuskizunaz, honakoa: «Beñat Achiaryk aspaldi zuen gogoan bere pastorala egitea».

Berritasunak dakartzan kritikez autokritikara ere jo du Bedaxagarrek: «XVIII. mendean ere pastoraletan dena kanbiatzen ari zela erraten zuten». I. E.