Autoekoizpenei eskainitako gune berezi bat egokituko du aurtengo Durangoko Azokak
49. Durangoko Azokan parte hartzeko epea zabalik dago irailaren 30era bitartean. Nobedade gisa, erakusmahai erdia kontratatzeko aukera eta norbanako ekoizleei egokitutako gunea izango ditu.
Abenduaren 5etik 8ra burutuko den 49. Durangoko Azokak zabalik du izen emateko epea. Ohi bezala, parte hartu nahi duten argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde eta banatzaileek www.durangokoazoka.com atarian egin beharko dute eskaera irailaren 30a baino lehen. Gerediaga elkartetik atzo adierazi zutenez, aurtengoan parte hartu nahi dutenek erakusmahai erdia kontratatzeko aukera izango dute. «Hala ere, Durangoko Azokako araudian jasota dauden baldintza batzuk bete beharko dituzte; besteak beste, gutxienez hiru produktu erakusgai izatea eta erakusmahaia zein enpresarekin partekatuko duten adieraztea».
Edizio honetan, bestalde, bada nobedade nagusi bat, autoekoizpenek espresuki beraiei eskainitako tartea izango baitute. «Liburu eta diskoen kontsumoan ez ezik, ekoizpenean ere aldaketak gertatzen ari dira merkatuan. Ondorioz, autoekoizpenerako joera ugaritu egin da azken urteotan eta hori Durangoko Azokan bertan nabaritu da. Joera berriak izan dezakeen beharrizanari erantzuteko, edizio honetan liburuen eta diskoen autoekoizpenera bideratutako gune berria egokituko da. Norbere lanak ekoiztea erabaki duen sortzaileari edota elkarteari zuzendutako espazio berezitua izango da, izena ematen duten guztien artean partekatua», adierazi zuten atzo. Gune horretan izena emateko epea irailaren 15etik urriaren 15era izango da zabalik; baldintza nagusia gehienez ere bi produktu erakusgai izatea izango da.
Ohi moduan, eskualdeko sortzaile, elkarte eta erakundeek inolako kostu barik Durangoko Azokan euren produktuak erakusgai jartzeko aukera izango dute aurten ere. Interesatuek Gerediaga elkartera jo beharko dute.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea
