Iraia OIARZABAL
Entrevista
Josu Waliño Pizarro
.eus egitasmoaren zuzendaria

«Gure esku dago domeinua maila guztietara iristea lortzea»

Nola ekiten diozu, gidari moduan, PuntuEus egitasmoaren ibilbide berri honi?

Ilusio handiz. Egia esan .eus proiektua hasieratik jarraitu dut eta oso proiektu ilusionantea iruditu zait beti. Aukera hau sortu zenean, ilusio eta gogo handiz hartu nuen, benetan zerbait polita martxan jartzeko.

Zeintzuk dira epe laburrean aurrean dituzuen erronkak?

Gertuko erronkak oso zehatz markatuta dauzkagu. Aurreko lantaldeak oso zorrotz eta ongi markatuta eduki ditu lanak. Aitzindarien fasea dagoeneko itxita dago eta horiek aurkeztu genituen. Orain, irailean, bigarren fasea zabalduko dugu; abiaraztearena. Fase honetan sartuko ditugu Euskal Herriko entitate eta erakundeak. Interneteko domeinua duten erakunde guztiengana iristea da gure helburua. Hor oso erronka potentea daukagu irailaren erditik azaroaren erdira bitartean. Behin hori gauzatuta hirugarren fasea zabalduko da; fase irekia. Abenduaren 3an zabalduko dugu mundu guztiarentzat. Hori da gure egutegi zorrotza orain. Hortik aurrera proiektu berriak abiatuko ditugu.

Lehenik eta behin, gure helburua da markatutako epe horiei erantzutea eta, batez ere, .eus oso-oso ikusgarri egitea euskal gizarte guztiarentzat. Hau da, .eus izatea erreferente bat Interneten euskal gizartearentzat.

Aurretik ere PuntuEus Fundazioko lantaldean ibili zara eta orain proiektuaren gidaritza hartu duzu. Nola baloratzen duzu orain arteko ibilbidea?

Orain arte egindako lana txalogarria iruditzen zait. Lan isila baina lan itzela egin da urte askotan, eta erronka handi bat lortu da; hau da, domeinu bat benetan euskararen eta euskal kulturaren presentzia sarean bermatuko duena. Eta gainera, lortu da modu oso zabalean, babes osoarekin. Gizartearen babesarekin, instituzioen babesarekin, gizartearen inplikazioarekin eta oso modu zorrotzean.

Gainera, iruditzen zait jasotako oihartzuna oso ona dela, euskal gizartea .eus domeinuarekin dagoela, instituzioak ere bai. Eta iruditzen zait aurrera begira gure teilatuan dagoela erronka. Gure esku dago domeinuaren zabalkundea benetan maila guztietara iristea lortzea.