GARA DONOSTIA
Udate

Mafaldaren 50. urteurrenean, bere ateraldiez euskaraz gozatzeko aukera Okendo kultur etxean

Donostiako Okendo kultur etxeak Mafaldaren 50. urtebetetzearekin bat egin du. Zopa gogoko ez zuen neskato argentinarraren ateraldiak bildu dituzte erakusketa batean eta urriaren 18ra arte izango dira ikusgai.

«Mafalda, 50 urte» izeneko erakusketan Quino marrazkilariaren pertsonaia ezagunenaren ateraldiak euskaraz irakurtzeko aukera izango da. Okendo kultur etxean, gaur egunean ere zentzu handia duten esaldiak bildu dituzte. 1964 eta 1973 urte artean Joaquin Salvador Lavado Quino artistak Argentinako prentsan argitaratu zituen 60 tira dira, zuri-beltzean.

Erakusketaren koordinatzailea Edorta Subijana izan da eta marrazkien egilearekin batera ekoiztu dute. Okendo kultur etxeko Susana Bustero zuzendariak azaldu zuenez, proposamena eurengandik abiatu zen, Donostiatik. Quinok baiezkoa eman zien eta ondoren artxibo digitalak bidali zizkien, «inpresioa ahalik eta kalitate onenekoa» izan zedin.

Tiretan, Mafaldak gazteleraz egindako hausnarketa eta elkarrizketak mantendu egiten dira eta euskaraz ageri dira alboan. «Garai zail bateko justiziarik ezaren zein gizarte gatazkaren salaketa irudikatzen du Mafaldak; bereziki zaila izan zen Argentinan garai hura, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan militarrek boteretik kendu baitzituzten hautatutako gobernu guztiak. Vietnamgo gerra, Martin Luther Kingen hilketa edo gizakia ilargira iristea izan ziren, besteak beste, munduan aldaketa handiak izan ziren garai hartako gertaera adierazgarrienak», adierazi zuten.

Zuri-beltzezko tirez gain, bideoak ere ageri dira erakusketan, sei urteko neskatoaren mingain zorrotzaz gozatu eta buruari eragiteko.