Nerea GOTI

AEK-k «euskara praktikoa» ikastera deituz zabaldu du matrikulazioa

AEKren matrikulazio kanpainak «Euskara praktikoa» du lelo eta ikasleak protagonista nagusi. Mezu argia bidaltzen du kanpainak: «Posiblea da eta merezi du». Horrenbestez, «nor bere arrazoiekin, bere helburuekin, bere mailatik abiatuta», matrikulatzera deitu dute.

AEK-k matrikulazio kanpaina zabaldu du euskaltegietan «Euskara praktikoa» leloarekin, eta ikasleei eman die hitza bizi duten esperientzia azal dezaten. Izan ere, kanpainaren aurpegia aurreko ikasturtean Donostiako euskaltegi batean euskara ikasten aritu zen eta EGA titulua eskuratu berri duen Sara Cozar aktoreak jarri du. Cozarrek berak eta beste hainbat ikaslek AEKn izandako esperientzia laburbiltzen duen mezu bat zabaltzen dute kanpainan: «Posiblea da eta merezi du».

Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak Asier Amondo, Helios del Santo, Oskar Elizburu, Iñaki Urkijo eta Bizente Claverie Artezkaritza Kontseiluko kideak izan zituen ondoan, atzo Bilbon egin zen kanpainaren aurkezpenean. Mugikak berak azaldu zuenez, «benetako protagonistak» AEK-k eskaintzen dituen ikastaro eta barnetegietan aritu diren milaka ikasleak dira. Horregatik, AEKn euskara ikasten aritu diren lau ikasleri bizitakoa konta dezatela eskatu diete kanpainan; bideoak web orrian daude ikusgai informazio guztiarekin, euskaraz, gazteleraz eta frantsesez.

Ikasleen hitzetan, arrazoi, motibazio, sentipen eta ideia ezberdinak azaltzen dira mezu komun batekin: euskara ikastea «posiblea da» eta «merezi du». «Nor bere arrazoiekin, bere helburuekin, nor bere mailatik abiatuta, euskaraz egin nahi izatea norberaren esku dago, norberaren gogo eta beharren baitan», azaldu zuen Mugikak, eta gainontzeko guztia AEK-k jartzen duela nabarmendu zuen.

Ohiko ikastaroez gain, titulu homologatuak lortzeari begirakoak, on line ikastaroak, mintza-praktikak, itzulpen zerbitzua edota irakur zaletasuna lantzeko «Aizu» aldizkaria dira eskaintzaren adibideetako batzuk, eta, Mugikak gogorarazi zuenez, Lakuaren eta zenbait udalen laguntzak eskura ditzakete ikasleek.

IKAn ere, dena prest

IKA koordinakundeak ere abiatu du ikasturte berrirako matrikulazio kanpaina. IKAk 25 urte betetzen ditu aurten, eta «betidanik egiten duguna eta hobekien egiten duguna eginez ospatuko dugu: euskara ikastaroak emanez», azaldu du matrikulazio kanpaina aurkeztean.

Eskaintza zabala plazaratu du IKAk, bai tituluak prestatzeko bai mintzatzera bideratutakoak. Euskara erabiltzea bultzatzeko «egokien» ikusten dituen aurrez aurreko eskolez gain, autoikaskuntza saioak ere badaudela nabarmendu du IKAk. «Ikastaro gehienak astean zortzi ordukoak izanik ere», bestelako aukerak ere badituzte: hilabeteko ikastaro trinkoak, 80 ordukoak, bereziki mintzamena lantzekoak edota euskara ikasteko aukera gutxi daukatenentzat astean egun bakarreko edo biko ikastaroak.

«Indarrez diogu egoera zailetan ere aurre egiteko gauza garela», azaldu zuen koordinakundeak Nafarroako Gobernuak kendutako finantziazioaren harira, eta bide horretan kokatu zuen «Milaka argi Nafarroan» kanpaina, «euskaldunak, euskara ikasi nahi dutenak eta euskalduntzea lagundu nahi dutenak badirela adierazi nahi duen kanpaina». Informazio guztia www.milaka-argi.com webgunean aurki daiteke.