Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Udate

Adierazpen askatasuna (I)

Gazterik lanean hasi behar izan zuten gurasoentzat goi mailako ikasketak izatea norberarentzat bizimodu duina bermatzearen pareko izan da beti. Berdin du goi mailako ikasketak dituen honek behin eta berriro esatea goi mailako ikasketek beraiek baino gehiago lanbide jakin batzuetan aritzeak (modu jakin batean aritu behar ere) dakarrela dirua. Hots, literatura ikasi eta irakasteagatik ez naizela inoiz aberastuko. Hala eta guztiz ere, gurasoek pentsatu nahi dute goi mailako ikasketek zerbaiterako balio behar dutela. Baietz esaten diet nik, ezagutzan, norberarenean zein besteenean, sakontzeko aukera ematen dutela eta, nahi izanez gero, irakasle hobea izaten lagun dezakeela horrek. Argudio horrek normalean isilarazten ditu. Ziur nago nire argudioek baino gehiago nire lanbide hautua zer-nolako pasioz defendatzen dudan ikusteak txunditzen dituela. Sikiera gustuko du egiten ari dena, pentsatuko dute, soldata handirik jasotzeko aukerak hutsaren hurrengo badira ere. Ez dezala pentsa irakurleak guraso materialistak ditudanik; diktadura garaian jaio eta hazitako langile klaseko kide on legez, seme-alabek beraiek izan ez zituzten aukerak eta bizimodua lortzea da beren helburua. Esperientziak irakatsi die dirua izan ohi dela bata zein bestea bermatzeko modua. Baina hara non alaba idealista samarra atera zaien, eta gurasoen pragmatismoa eskertzen badu ere, nahiago du bere bidea egin. Baina gauza guztiek bezala, idealismoak bere mugak ditu. Azkenaldian Mendebaldeko mundu akademikoan oro har gertatzen ari dena kontuan izanda, zaila da goi-mailako ikasketen inguruan jarrera ameslariari eustea.