Jon LEUNDA
Aizkora | Euskal Herriko Lehen Mailako kanporaketa

Hutsik egiteko aukerarik ez dago

Aurreneko sei sailkatuak urriaren 26an jokatuko den finalean arituko dira, eta azkeneko biek maila galduko dute.

Aizkorak urtean zehar izaten duen ekitaldirik handienaren atarikoa jokatuko da gaur, 22.00etan, Aian. Izan ere, hantxe jokatuko da Euskal Herriko Lehen Mailako aizkolarien kanporaketa. Hamabi izango dira lanean, eta aurreneko seiek lortuko dute urriaren 26an Beasainen jokatuko den finalean izateko txartela; azkeneko biek, berriz, maila galduko dute.

Iñaki Azurmendi, Aitzol Atutxa, Joseba Otaegi, Jexuxmari Mujika, Joxemari Olasagasti, Unai Otaño, Jon Irazu, Floren Nazabal, Jon Rekondo, Ander Erasun, Ruben Saralegi eta Juanjoxe Lopez lehiatuko dira. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu. Hain zuzen ere, finalean izango duten lanaren erdia egin beharko dute.

Kanporaketa oso estua iragartzen da, hautagai asko baitaude finalean sartzeko. Ander Erasun eta Ruben Saralegi kenduta -kanporaketan arituko diren bi gazteenak dira-, gainerako guztiak finaletan aritutakoak dira.

Iñaki Azurmendi da egungo txapelduna, eta arazoren bat izan ezean finalean izan beharko luke aurten ere. Zenbait arazo fisiko izan zituen, baina badirudi prest dagoela bere txapela defendatzeko.

Floren Nazabalek ere finalean izan beharko luke. Etxarrikoak txapela lortzeko faborito nagusia izaten jarraitzen du askorentzat. Iaz hirugarren amaitu zuen, baina, ezuste handiren bat ez bada, Etxarrikoak ere egun nagusian egon beharko luke. Hemendik aurrera etorriko zaizkio, gainera, aurtengo lehiaketarik garrantzitsuenak, Euskal Herrikoaz gain, Nafarroakoa ere izango baitu. Aitzol Atutxa ere faboritoen zerrendan agertzen da. Bizkaiko ordezkari bakarra izango da, bera bakarrik baitago maila nagusian, baina azken urte hauetan finaletan izateaz gain, podiumean bertan ere sartzen da. Bera txapelaren lehian izango den zalantzarik ez dute adituek.

Olasagasti izango da kanporaketako zaharrena. Gipuzkoakoan bigarren amaitu zuen, eta agian udaberrian zuen sasoi puntua ez du izango, baina, zaleen iritziz, gipuzkoarrak ere finalean izan beharko luke.

Adituek, aipaturiko lau aizkolariak azken egunean ikusten dituzte, baina hortik aurrera ez dago ezer garbirik, nahiz eta aurreko lauek ere ez duten ezer seguru, faborito izateak ez baitu finalean izatea segurtatzen.

Borroka, ordea, finalean sartzeko bakarrik ez da izango; mailari eusteko ere lanak izango dira. Inork ez du maila galdu nahi, euren arteko aldeak ez dira handiak, eta edozer gerta daiteke, bai finalean sartzeko bai maila galtzeko. Garbi dagoena da jende asko izango dela gaur gauean Aian. Kanporaketa honek ikusmin handia piztu du, eta aizkora zaleek ez dute inondik inora hutsik egin nahi.

Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligak bi saio izango ditu

Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligak bi jardunaldi izango ditu. Aurrenekoa gaur bertan jokatuko da, Leioako Udondo auzoan, 19.00etatik aurrera. Han, Ugaitz Mugertza eta Mikel Larrañaga neurtuko dira. Egungo Gipuzkoako Lehen Mailako eta Bigarren Mailako txapeldunak arituko dira nor baino nor. Saio oso polita iragartzen da.

Bihar, berriz, Bastidan jokatuko da beste saioa, 13.00etatik aurrera. Han, Ander Erasun eta Floren Nazabal neurtuko dira. Gaur gauean Lehen Mailako kanporaketa izango dute, eta ikusi beharko da nolako baldintzetan heltzen diren biharko saiora, atseden hartzeko ez baitute tarte handiegirik izango.

Bi neurketotan aizkolariek sei lan ezberdin egin beharko dituzte, eta ondoren denetako denborak batuko dira. Denborarik onena duenak irabaziko du, noski. J.L.