Andoni ARABAOLAZA
Pirinioak Bigarren marra zabaldu dute

Asier Lukek eta Ekaitz Maizek Ansaberen «Amalur» sortu dute

Bi egun ezberdinetan, eskalatzaile nafarrek Orratz Txikian 300 metro luze den eta 8a zailtasuna duen marra berria behetik eta progresiorako artifiziala erabili gabe zabaldu dute. Maizek, gainera, uztailaren 5ean bideari puntu gorria jarri zion.

Ekaitz Maizek erabateko gustua hartu die Ansabereko murruei. Uda honetan, Asier Lukeren laguntzarekin, bigarren sormen lana egin du. Sortu eta kateatu. Bigarren marra horren ingurukoak hurrengo lerrootan GARAri kontatu dizkio.

«Amalur»

Ansabereko orratzak toki bereziak dira edozein pireneistarentzat; are gehiago bertan eskalatzea atsegin baduzu. Urteak neramatzan pareta honi begira. Modu batera edo bestera, murru hartan dagoen desplome handiak bide bat zabaltzea eskatzen zidan.

Denbora batez buruari bueltak ematen ibili ondoren, 2008ko ekainean hara abiatu nintzen bakarrik. Desplome handiaren azpian jarri, harkaitz onena bilatu, 60 metro eskalatu, erlaitz batera iritsi eta bertan bilera jarri nuen. Harkaitzaren kalitatea espero baino txarragoa zen, eta jarraitzen zuenak ez zuen itxura hoberik. Beraz, jaistea erabaki eta beste baterako utzi nuen.

2011n berriro ere desplome handiaren harra esnatu zitzaidan. Oraingo honetan Asier Lukerekin batera, aurretik zabaldutako luzea egin eta hurrengoa zabaltzen hasi nintzen. Harkaitza tarteka ona zen arren, harri asko botatzen nituen. 50 metro neramatzala, diedro argi batera iritsi eta ezker aldean txapa bat jartzen ari nintzela eskuin aldeak dar-dar egiten zuen. Harkaitzaren ezegonkortasuna ikusita, ahal nuen bezain leun jaitsi nintzen. Hala ere, ez ginen etxera joan, beste bide bat ikusia nuen eta hari ekin genion. Bi egunen ondoren, -Borrokan aske- (8a, 240 m) sortu genuen.

2014ko udaberrian hasi zen berriro ere Ansabereko desplome handiaren harra esnatzen. Asierrekin 2008an zabaldutako luzea eskalatu ondoren, ezustekoa izan genuen: aurreko bidaian friendak sartu genituen ia 8 metroko bloke bat desagertua zegoen. Pixka bat gorago ere bloke handi bat falta zen.

Hau eta zetorrena askoz txukunagoa ez zela izango ikusita, jaitsi eta lehen luzean jarritako txapak kentzea erabaki genuen.

Baina Ansabereko harra esnatua zegoen eta ez zuen berriz ere lokartzeko asmorik. Handik gutxira, pareta beste ikuspuntu batetik ikusteko, Asier eta biok -Montaner - Vicente- bidea egitera joan ginen. Hori izan zen gakoa: ikuspuntu horretatik argi ikusi genuen bidea.

Eguraldi ona egin zuen hurrengo asteburuan han ginen berriz ere, -Montaner - Vicente- bidearen lehen bi luzeak egin eta -Dernier Voyager- bidearen hurrengoa lotu eta desplome handiaren oinarrian ginen. Oraingoan, bai, argi geneukan jarraitu beharreko norabidea. Erdipurdiko harkaitz zati baten ondoren, erregeleta garbiak eta helduleku zorrotzak azaltzen hasi ziren.

Eskalatzen eta txapak jartzeko gakotik zintzilikatzen lehen bilera eroritako erlaitz batean jarri nuen. Ondoren desplomatutako plaka marroi zoragarri bat zetorren, lainoek goiko aldea ikusten uzten ez zutena. Luze hau zabaltzen sekulako berotua hartu nuen. Aurreko luzeak errazagoak izan arren, pasatako tentsioak asko nekatzen zaitu, eta heldulekuak txikitu eta ahal bezain txapa gutxi jarri nahi dituzunean, leher eginda bukatzen duzu. Egun horretarako nahiko egin genuen.

Eguraldi onak lagunduta, Asier eta biok han ginen berriz ere. Igotako azken punturaino heldu eta harkaitz urdineko luze desplomatu eta diagonala eskalatzen hasi nintzen. Harkaitz ezin hobea, erregeleta zorrotzak... Osagai horiekin txapatik txapara tarte luzeak utzi eta bide bat azpitik zabaltzea zer den benetan sentitzeko aukera eman zigun. Azken txapatik eskuinetara diagonalean metro batzuk egin ondoren, oinentzako erlaitz batean bilera antolatu nuen. Giroa aparta baino apartagoa zen!

Desplomearen goiko puntan geunden, sokak airean zintzilik eta oinen azpian 200 metro baino gehiagoko hutsunea! Asier iritsi eta azken luzeari ekin nion, -Dernier Voyager- bidearekin elkartu nintzen azken metroetan, bertan iltze unibertsal bat jarri nuen artesi batean eta bi metro gorago iltze zabalago bat jartzerakoan, azpiko unibertsala erori zela ohartu nintzen: 4 x 3 metroko harkaitz zatia bereizten ari zen. Kontu handiz eta zeharo izututa, ezker aldera joan eta txapa bat jarri nuen.

Lasaiago baina kontu handiz, tarte errazago batetik gailurrera iritsi nintzen. Jarritako azken txapa horrek pixka bat mikaztu zidan gogoa, baina jaitsieran, Orratz Txikira gerturatu ahala, poztasuna erabat gailendu zen. Egindako lanarekin pozarren geunden.

Bidea sortzeko lehen lanak burutu genituen, baina oraindik beste bat borobiltzea falta zen; hots, sortutako marra kateatzea. Uztailaren 5erako eguraldi ona iragarrita zegoen, eta Asierrek eta biok ez genuen hutsik egin. Lehen luzeak pasa eta generaman gogoarekin aise gainditu genuen lehenengo luze bertikala. Desplomatzen den bigarrena, lehen saio batean aztertu ondoren, besoak ahaleginaren ondoren erabat gogortuta neuzkala kateatu nuen. Eta hirugarrena besoak are gogorrago nituela sinatu nuen. Desplomearen puntan dagoen bileran geunden, aparteko eguna, goiz zen eta -Sorgintxulo- bidearen luze zailean zegoen nesken sokadari begira jarri ginen.

Azken luzea geratzen zitzaigun eta diedro urdin desplomatua gainditu eta bidearen zailtasuna asko lasaitzen da. Aurreko bidaian erdiraino sartu nuen iltzea han zegoen, bloke erraldoiari helduta, baina badaezpada ere ezkerraldetik joan nintzen. Azken zatia kontu handiz egin ondoren, gailurrera iritsi ginen. Hemen sari ederra izan genuen: Orratz Nagusia parez pare ikusten da, Hiru Erregeen Mahaia, Bilare, Midi... Azkenean, Ansabereko harra tximeleta bihurtu zen. Sortutako bideari «Amalur» izena jarri diogu.