Balioa eta «balioa» nahasten direnean

Roy Stewart artista bat da, baina koadroen ordez egurrezko taulak egiten ditu Zeelanda Berriko bere etxolan. Paulomia zura erabiltzen du surf taulak egiteko. Egur mota horri ez omen dio itsasoko urak kalterik egiten, eta, gainera, ur geza omen da landare horrek jasan ezin duen osagai erradioaktiboa. Gizakiok, ordea, gatzak galtzen gaitu antza.
Stewartek 1,3 milioi dolarreko super taula merkaturatu du, eta, norbaitek neurrigabeko salneurria dela uste badu, artistak erreplika bat egitera gonbidatzen du. Zerra moduko lema urdin argi bat eta tunel moduko beste lema bat ditu taula bitxi honek, eta, horri esker, orduko 35 miliako abiadura hartzeko gai omen da. Hamalau kilo pisatzen ditu eta neurriei so, puntako modeloen gorpuzkera du. Marra gorri finez bordatutako urrezko dragoi bat ere badauka soinean, 23 kilatekoa.
Taula astuna da, beraz, pisuz eta prezioz. Zirrara sortzen duen ohola da, bizirik ez izan arren bizitasuna duena, edonor bizirik sentiarazten duena. Antza, horregatik da munduko surf taula karioena.
Aurrez, inoiz saldu den taula garestiena milioi bat dolarretan saldu zuten. Ez zen zurezko taula bat, ez zuen urrerik, ez bordatutako marra gorririk, ezta dragoirik ere; taula arrunta zen, bi metroko luzera zuen Malibu taula gorri-horia, eta, surf egiteko baino, beste edozer gauzetarako erabilia izan zen. Izan ere, «Baywatch» (Hondartzako begiraleak) telesailean behin eta berriz agertzen zen taula zatar hura zen. Horra, halako taula kaskar batek hainbesterainoko «balioa» izatearen «arrazoia».
Horrela mintzo zen enkantean telebistako taula famatua saltzeko aurkezpen lanetan ari zen morroia: «Imajina ezazu zeure burua hondartzan zehar, `Baywatch' taula besapean duzula. Emakume ederrak gerturatuko zaizkizu, guztiek nahiko dute zugandik gertu egon, ukitu, sentitu. Izan ere, taula hawaiiar hau izateak sortzen duen maskulinitateak erakarriko ditu... Deskribapena luza nezake, jarrai dezaket, baina ideia egiten duzu, ezta? Ulertzen didazu».
Halako taula bat egiteko gaitasuna jende askok dauka. Halako taula bat saltzeko gaitasuna, berriz, gutxi batzuek baino ez daukate. Eta halako taula bat erosteko gaitasuna, aldiz, gutxi batzuek ez, bakan batek baino ez dauka. Guztia hitz bakar batean laburbiltzen da: dirua. Eta puntu horretan taulak izan dezakeen benetako balioa eta ezartzen dioten salneurria nahasten dira. Alegia, balioa eta «balioa» nahasten dira.
Dirua ez omen da ezer, baina diru asko... hori beste kontu bat da. Azim Prenji dirudun indiarrak zioen moduan, «jendeak zure helburuekin barrerik egiten ez badu, helburu apalegiak dituzun seinale». Balioa eroslearen esku dago.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea
