Mikel Linazisoro, goi mailako zailtasunari eutsiz
Mikel Linazisoro eskalatzaile gaztearen ibilbidea gero eta zuzenagoa da. Batzuek diote bergararra egiten ari den urratsak suzirien modukoak direla; eta, hein handia batean, hala da. Ondoan dituen eskarmentu handiko kideei kasu eginez, curriculum ederra eskuratzen ari da, eta, badirudi, izaten ari den gorako joerak ez duela etenik.
Horren adierazle da pasa den uztailean lortutako uzta. 14 urte betetzeko egun gutxi falta zitzaizkiola, Linazisorok bere bigarren 8c+ sinatu zuen: «Honky Mix». Marra hori egin eta bi egunera, gainera, Araotzen bertan «Panoramix» bidea (8c) kateatu zuen. «Honky Mix» bideari dagokionez, erreferente da Araotzeko eskalada eskolan. Marra horrekin, beraz, gazteak, soilik 13 urterekin, bi 8c+ patrikan zituen; lehena, «Koldoren mundua». Eskalatzaileak berak aitortu du kosta egin zaiola bide hori kateatzea: «Probatzen hasi eta asko aurreratu nuen, baina, orduan, eskalada lehiaketen hitzorduak iritsi ziren, eta lehia horiek amaitu arte ez nuen berriro probatu. Guztira hamabost ekinaldi behar izan ditut `Honky Mix' kateatzeko».
Araotzeko bidea helburu zuen, eta sinatzea lortu du. Hori dela eta, pozarren dagoela ziurtatu du: «14 urte bete aurretik 8c+ graduko nire bigarren marra poltsikoratu nahi nuen, eta erdietsi nuen. `Honky Tonky' (8c) egina nuen, eta, hasiera komuna dutenez, `Honky Mix' bideari ekitea otu zitzaidan. Orain, jendeak galdetzen dit 9a baten atzetik ba ote nabilen. Jakina, erronka hori buruan dut, baina lehenik eta behin lehiaketen denboraldia amaitu nahi dut. Ez dut presarik».
Linazisorok lehiaketen denboraldia aipatu duenez, aurreratu behar da une honetan Kaledonia Berrian dela Zailtasuneko Munduko Txapelketan parte hartzen; jakina, jubenilen mailan. Hain zuzen ere, udan nazioarteko probak prestatzen aritu da; hala ere, arrokan eskalatzeko beta ere izan du. Aipatzeko modukoa da bistan asko eskalatu duela; eta, besteak beste, 8a, 8a+ eta 8a+/b graduko hainbat bide kateatu ditu.
Gogoratu behar dugu ere, hilaren hasieran, eskalatzaile gazteak Bulderreko Munduko Txapelketan hartu zuela parte. Italiako Arco herrian jokatu zen hitzorduan bederatzigarren postua lortu zuen kirolari bergararrak 14-15 urteko kategorian.

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»
