«Poloniarren bidea» bakarka eta oso azkar egin du Korra Pescek
Alpinista italiarrak 2 ordu eta 10 minutu soilik behar izan zituen Grandes Jorasseseko ipar hormako «Poloniarren bidea» eskalatzeko. Marra horrek hamabi bat igoera izan ditu, eta lehen bakarkakoa omen da.

Hil honen lehen hamabostaldian Grandes Jorasseseko ipar aurpegiak baldintza ezin hobeak izan ditu. Egoera pozgarri horri esker, makina bat alpinista batu dira hormatzar berezi horretan marraztuta dauden bideak eskalatzeko. Adibide gisa, hainbat marratan ilarak izan dira, eta egun jakin batean 50 alpinista zenbatu dira!
Jakina, horren guztiaren giltza aipatu ditugun baldintza bikainak izan dira, baina uste dugu badirela azpimarratzeko beste eite batzuk ere. Horietako bat da egungo alpinistek duten goi maila; batez ere, mistoan. Eta, ezin dugu ahantzi ere egin, batzuen batzuek jarduera horietan aurkezten duten mentalitatea.
Horietako bat lerrootako protagonista dugu: Korra Pesce. Alpinista italiarra behin baino gehiagotan ekarri dugu orriotara, Alpeetako murruetan zein Patagoniakoetan sinatu dituen goi mailako jarduerengatik. Bada, Pescek ipar horma enblematikoaren «Poloniarren bideak» dituen 800 metroak bakarka eta oso azkar igo ditu. Irailaren 8an izan zen, eta bidea poltsikoratu ahal izateko soilik 2 ordu eta 10 minutu behar izan zituen. Berez, jatorrizko «Poloniarren bidetik» (1970. urtekoa) hasi zen, baina ez zuen guztiz jarraitu; izan ere, une jakin batean, 1975. urtean beste poloniar batzuek zabaldutako marran sartu eta Magali eta Helene erpinen arteko gailurrerian bukatu zuen.
Bide «nahasketa» hau azken hamar urteotan hamabi aldiz eskalatu da, eta, antza denez, Pescerena bakarkako lehena da.
Ageriko bidea
Italiarrak ondo ezagutzen du Grandes Jorasseseko ipar horma. «Poloniarren bidearen» baldintzak ondo baino hobeto aztertu ondoren, esku artean zuen xedean sartu zen: «Aukeratutako marra oso agerikoa da, eta oso-oso ederra. Pareta horretako hainbat bide eskalatu ditut, eta ezagutzen ez nuen bat igo nahi nuen. Leschauxeko aterpeko buruarekin hitz egin nuen, eta hark esan zidan egun batzuk lehenago sokada batek eskalatu zuela. Beraz, baldintza onetan egongo zela ondorioztatu nuen».
50 metroko soka bat, hainbat friend eta, badaezpada ere bere burua aseguratzeko, izotzerako hainbat torloju. Horixe zen eraman zuen tresneria guztia.
Goizaldeko laurak baino lehenago aterpetik irten zen. Hormaren oinarrira iristeko, azkenaldiotan asko eskalatu den «MacIntyre-Colton» bidearen markak jarraitu zituen: «Croz ezproia inguratu nuen batez ere artesiak saihestu ahal izateko. Hurbilketa bidea erosoa izan zen. Bidean sartu eta goizeko zortziak eta hamarrean gailurrerian nintzen. Azkar joan nintzen. Izotzeko plaka batzuk, mistoko sekzio gutxi eta beste sekzio batzuk elur tentearekin. Igo nuen baldintzekin ezin da M5+ bezala aurkeztu; hobe da, WI5+ bezala graduatu. Ez nintzen aseguratu eta apenas atsedenik hartu nuen. Igoera ezaugarri berdinak zituenez, erritmo onean eskalatu nuen. Ez nintzen errekor bat sinatzera joan».

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
