GARA DONOSTIA

Amets Arzallusek eta Joxan Goikoetxeak «Ihes» egitera gonbidatuko dute Donostian

Bat-batekotasuna alde batera utzita, ihes egitearen inguruko bertso jarriak abestu eta testuak irakurriko ditu bertsolariak Joxan Goikoetxearen musikaz lagundurik, Donostiako Antzoki Zaharrean, igandean.

Bien artean ihes egiteko motiboen inguruan murgiltzera eta galdetzera eramango dute ikuslea Amets Arzallusek eta Joxan Goikoetxeak igande honetan, Donostiako Antzoki Zaharrean 19.00etan eskainiko duten «Ihes» errezitaldian, Bilbo, Iruñea eta Hernanitik igaro ostean. Izan ere, ikuskizunaren emanaldi gutxi izango dira orotara eskainitakoak. Bere bertsolari fazetaren bat-batekotasuna albo batera utziko du txapeldunak, eta Goikoetxearen musikaz lagundurik bertso jarriak izango dira kantatuko dituenak, eta testu idatziak irakurritakoak. Izenak berak dioenez, ihesari emateko dauden arrazoiak aztertu eta pertsonei buruzko hausnarketa batera eramango dute ikuslea, mugarik gabeko bidaia sakon batera edo mugaz jositako bidaia sakon batera gonbidatuz bertaratzen direnak: «Ihes egiteko motibo asko ematen ditu munduak, bai hurbilean eta bai urrunean. Motibo horietako batzuk hautatu eta zenbait erretratu atera ditugu», aipatu zuen Arzallusek.

Sorterria utzi behar izan dutenak aipagai, Goikoetxea akordeoi-jotzailearen laguntzaz erretratatuko dira hobeto Arzallusen hitzak: «Ihesi nator. Ihesi zoaz. Ihesi goaz. Ihesi doaz. Sentimenduetatik ihes. Oroitzapenetatik ihes. Ekintzetatik ihes. Beldurretatik ihes. Giza arriskuetatik ihesi. Arrisku naturaletatik ihesi. Latza».

Aspaldiko harremana

Duela lau urte inguruko «Sortuko dira besteak» ikuskizunean abiatu zen Goikoetxearen eta Arzallusen harreman estuan du jatorria «Ihes» honek. Bestalde, musikariak ez du honako hau bertsolari batekin duen lehen hartu-emana. Sarritan ibili baita Goikoetxea Xabier Amuriza, Andoni Egaña, Xabier Euzkitze edota Jexuxmari Irazurekin. Horrez gain, «Hitzetik Hortzera» telebista saioko bertso musikatuen atala zuzentzen ibilitakoa da. Igandeko emanaldirako sarrerak 12 euroan dira salgai.