Andoni ARABAOLAZA
Mendia Kirola eta aldarrikapena eskua emanda

«Mendira»-k dena prest du larunbateko jaialdi handirako

Euskal preso eta iheslarien eskubideak aldarrikatzeko, mendiko kirolarien herri ekimenak egitarau oparo eta erakargarria antolatu du datorren larunbaterako, Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan. Oinez eta korrika egiteko irteerak, bulder probak, slackline, show-a...

Euskal Herrian asko dira pairatzen ditugun urraketak, eta hori irakurleak ondo baino hobeto daki. Tokian toki, gizartearen arlo ezberdinetan urraketa horiei erantzuna ematen zaie; beste era batera esanda, mugimendu dinamiko, aktibo eta konprometitua dugu.

Honi guztiari lotuta, eta gure kirolari dagokionez, hots, mendiko kirolei, beste behin, aldarrikapenaren esparruan sartzeko gonbita egin digute. Hain zuzen ere, Euskal Herriko mendiko kirolari talde batek euskal preso eta iheslariek sufritzen dituzten eskubide urraketei aurre egiteko konpromisoa hartu dute. Horretarako, pasa den uztailean «Mendira» ekimena aurkeztu zuten, eta, harrezkeroztik hainbat eta hainbat urrats egin dituzte. Horiek guztiak biribiltzeko, «Mendira»-koek datorren larunbatean jaialdi handi bat (ikus ondoan dagoen egitaraua) egingo dute Oiartzunen.

Festak eta aldarrikapenak elkar hartuko dute, eta antolatzaileek GARAri adierazi diotenez, mendiko kirolari guztiei dei egin diete jaialdi oparo eta interesgarri horretan parte hartzeko: «Mendiko kirolariak gara, baina gure jardunak herritik urruntzera eramaten gaitu askotan eta gizarteko arazoetan konponbideranzko bidean aktibo izatea zailtzen digu. Alabaina, herri honetan euskal preso eta iheslariei dagokienez gertatzen ari diren giza eskubideen urraketez kontziente gara, eta irmoki salatzen dugu. Bakoitzak bere harritxoa jarri behar duen sare herritarra sortu dugu. Guk, mendiko kirolariok, maila gorenetik xumeenera gure aldarrikapen hau eraman nahi dugu; kalean egiteko aukera ez duguna gailurretara eramanez. Horregatik eta helburu horretan, geure bidaia-lagun nahi zaituztegu. Hori dela eta, bost egun barru Oiartzunen egingo dugun festan parte hartzera gonbidatuta zaudete. Festa eta aldarrikapena batuz, egun handi zein ederra igarotzeko».

«Mendira»-ko kideek dagoeneko mendiko kirolarien makina bat atxikimendu jaso dute; gainera, espezialitate ugaritakoak: eskalatzaileak, mendizaleak, alpinistak, mendiko korrikalariak... Eta esan dutenez, batzuk ezezagunak, eta beste batzuk, berriz, ezagunak. Hor dira, besteak beste, Alex Txikon mendizalea, Patxi Usobiaga eskalatzailea, Zigor Iturrieta mendiko korrikalaria...

Arestian aipatu dugunez, «Mendira»-koek prest duten egitaraua txalotzeko modukoa da. Lan eskerga egin ondoren, datorren larunbatean Oiartzunen bilduko direnek ez dute aspertzeko betarik izango, ez horixe. «Guk eta gurekin bat egin dutenek euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko konpromisoa hartu dugu, baina mendiko kirolariak garenez, ez dugu larunbatean norberaren aisialdia alde batera utzi nahi. Hori dela eta, mendiko kirolarientzat ekitaldi asko prestatu ditugu, uste baitugu aldarrikapenak eta aisialdiak osagarriak direla».

Horrela bada, Oiartzungo Madalensoro pilotalekua izango da bilgune nagusia. Bai, herriko pilotalekua izango da festa edo jaialdiaren erdigunea. Berdin da zein mendiko kirol ekitaldi aukeratu; guztiek ala guztiek Madalensoro izango dute abiapuntu.

Egitarau ederra

Pilotalekuan bertan, goizeko 8:30ean, ongi etorria eta izen emate guztiak egingo dira. Horrekin batera 5 euroko laguntza eskatzen dute, eguneko gastuei aurre egiteko. Ordubete geroago mendi irteerei hasiera emango zaie. «Mendira» ekimenekoek bi aukera eman dituzte mendi txango horiek egiteko: korrika eta oinez. Mendiko korrikalarientzat bi ibilbide prestatu dituzte. Ibilbide motzak 10,3 kilometro eta 550 metroko desnibela izango ditu. Ez da anoa-posturik jarriko, eta, beraz, antolatzaileek ura eta janaria norberak eramatea eskatu dute. Ibilbide luzeak, berriz, 28 kilometro eta 1.808 metroko desnibela izango ditu. Hemen bi anoa-postu izango dira: Uzpurun eta Aritxulegin. Jakina, bi ibilbide horiek Oiartzungo mendietan egingo dira. Irteera 9:30ean izango da. Antolatzaileen oharra: «Gidariak baditugu eta ibilbideak markatuta daude. Hori bai, ez da lasterketa bat izango, mendian kirolaz gozatzen, presoen eskubideak elkarrekin aldarrikatzea da helburua».

Oinezkoentzat, berriz, beste 2 ibilbide. Luzea: 10,8 kilometro eta 416 metroko desnibela. Motza: 8 kilometro eta 314 metroko desnibela.

Bestalde, esan dugun bezala, Madalensoro pilotalekua izango da bilgunea. Eta hor eskalatzaileek izango dute protagonismo nagusia. 10.00etatik aurrera, bulderreko proba herrikoia egingo da: «30 bat bloke (flash eran) prest ditugu maila guztietakoak; batez ere, zailtasun txiki eta ertainakoak. Zailak ere izango dira, baina gure helburua eskalatzaileak ondo pasatzea da, jai giroan, batak besteari lagunduz... Finean, txapelketa honetan ere lehiatzea ez da helburua. Arratsaldean, berriz, 17:00etan, finala egingo da. Bide batez, gurasoak diren eskalatzaileei dei egiten diegu beren seme-alabak eraman ditzaten, haurrentzat ere bloke andana prestatu ditugulako».

Indarrak berreskuratzeko (eta gosez dauden ikusleentzat ere) herri bazkaria antolatu dute; arratsaldeko ordu bietan izango da. Slackline-ko espezialistek ere bat egin dute aldarrikapen eta kirol festarekin, eta arratsaldeko seietan ikuskizuna emango dute. Handik ordu erdira, ekitaldi politikoa egingo da.

Eta amaitzeko, 19:00etan: Bertso eskalada show-a. Euskal Herriko puntako seina eskalatzaile (Gora Karapeto, Irati Anda, Ander eta Markel Mendieta, Zuriñe Arrue eta Itziar Zabala) eta bertsolariren (Alaia Martin, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Jokin Uranga eta Aitor Sarriegi) dema. Ikuskizuna, beraz, bermatuta dago; bai eskalatzaileentzat bai ikusleentzat.

Informazio osoa: www.mendira.wordpress.com-en.