J.L.
errugbia

Lyonen irabazteak balio bikoitza izango du

Garrantzi handia izango du Avironek gaur Lyonen jokatuko duen norgehiagokak. Lapurtarrek pasa den astean etxean galdu egin zuten, eta Jean Dauguerren puntuei ezin bazaie eutsi, kanpotik ekarri beharko. Frantziarrak, gainera, mailari eusteko borroka horretan aurkari zuzenak dira, eta une honetan jaitsierako postuan sartuta daude.

Zuri-urdinek gaur galtzea sekulako kolpea litzateke, izan ere, jaitsieran sartzeko arriskuan geratuko lirateke, nahiz eta talde asko dauden ia batera, eta denen emaitzak ikusi beharko diren. Segurua, ordea, Lyonek aurre hartuko liokeela da. Avironek lau puntuak batuko balitu, berriz, gutxienez zazpi puntura utziko luke, eta azkena dagoen Oyonnaxek ere Montpellierren jokatuko duela kontuan hartuta, jaitsiera aparte uzteko modua egingo luke.

Hala ere, ez da ahaztu behar Avironek etxetik kanpo irabazteko zenbat arazo izaten dituen, eta horrek nolabaiteko kezka ere pizten du zuri-urdinen jarraitzaileen artean. Azken urteetan oso lan kaskarra egin du kanpoan jokatu duenean, eta aurten ere oraingoz aurreko denboraldietako bidetik ez da atera.

Deialdian honako jokalari hauek daude: Igiñiz, Pointud, Van Rensburg, Argansese, Etrillard, Jgenti, Muller, Chisholm, Fa'aoso, Senekal, Taele, Chouzenoux, Haare, Monribot, Olivon, Loustalot, Rouet, Otazo, Stwart, Fernandez, Ugalde, Rokocoko, Bustos Moyano, O'Connor, Spedding eta Vaka. Francisco Pastrana izango da partidako epailea.

Biarritz

Pro 2 Mailan, Biarritzek Top 14a ahalik eta azkarren berreskuratzeko asmo horrekin jarraitzen du, baina horretarako lan asko egin beharko du, izan ere, pasa den astean galdu egin zuen bere norgehiagoka. Oraingoan 17-9 izan zen Beziersen zelaian, eta sailkapenean behera egin du, une honetan seigarren postuan baitago 14 punturekin, eta lehen postuan dagoen Pauek hamabi puntu kentzen dizkio dagoeneko. Bearnoko taldeak orain arte jokatutako partida guztiak irabazi egin ditu.

Zuri-gorriek bihar Akize hartuko dute 15.00etatik aurrera. Erdi derbia izango da, izan ere, Akize Euskal Herritik oso gertu dago, nahiz eta ez den handik jende gehiegi espero, Landetako taldea ez baitabil ongi. Biarriztarrek, berriz, jendearen babes eta bultzada handia behar dute orain.