Amalur ARTOLA DONOSTIA

«Harrian mezua» nobela beltza aurkeztu du Alberto Ladronek

Krimen erritualak, haurren bahiketak, prostituzio sareak eta ETAren aurkako gerra zikina harilkatuta aurkeztu du Alberto Ladron iruindarrak «Harrian mezua» eleberria. Nafarroan girotutako polizia eleberriak «irakurlea hasieratik harrapatuko duela» ziurtatu zuen egileak.

Thrillerraren bidetik ireki du Alberto Ladronek bere zazpigarren eleberria ere, «Harrian mezua». Nafarroan girotutako polizia nobela honek Leire Asiain Foruzaingoko inspektorea du protagonista nagusi, berari egokituko baitzaio Nafarroako mendietan izan diren hiru hilketa ikertzea: elurte handi baten ostean Bretxagaña (Urbasa), Iruñarri (Leitza) eta Artxubietako (Otxondo) zutarriei kateatuta gizon bana agertuko da hilik eta, gertakaria ikertzen ari diren bitartean, lau urteko neskato bat desagertuko da. «Hor hasten da katramilatzen istorioa, denak lotura duela ondorioztatzen baitute. Neskatoa bizirik aurkitzeko erlojuaren kontrako lasterketa hasiko dute», azaldu zuen Ladronek liburuaren aurkezpenean.

Bertan zen Xabier Mendiguren editorea ere eta, haren hitzetan, lan berriarekin jada «estilo bat, publiko bat eta obra bat» lortu dituela berresten du Ladronek: «Lehen lana [`Xake mate' (Elkar, 2002)] apur bat desberdina bazen ere, guztiak dira thrillerrak eta hori bada idazlearen meritua eta apaltasuna; gure inguruan generoko idazkerek ez dute izaten aitortzarik, bai aldiz publikoaren beroa». Eta, Ladronek, bere idazkeraren poderioz, biak lortu dituela iritzi zuen: «Zale sutsuak ditu. Gertakizunen hariak eta misterioak oso ondo pentsatuak daude eta matazak nola askatu ere bai. Ez da ikusten nor den gaiztoa, zer gertatzen den, eta trama asko korapilatzen da. Haurren bahiketak, prostituzioa, errituak, ETAren kontrako borroka zikina... biltzen ditu, eta hori guztia oso ondo lotzen du», nabarmendu zuen.

Foruzainak eta ETAko kide ohiak

Egilearen hitzetan, polizia liburua da, «thriller peto-petoa», eta aurreko nobelen ezaugarrietariko asko baditu ere («suspense etengabea, elkarrizketa biziak, trama hankaz gora jartzen duten aurkikuntzak...»), eleberriak badakar nobedaderik, protagonistei dagokienez. Orain artean pertsonaia «ez profesionalak» erabili izan ditu, misterio baten erdian egokitu eta hori argitzen tematu direnak. Oraingo honetarako, bi pertsonaia berri sortu ditu: Leire Asiain Foru Poliziako inspektorea eta Ander Irujo ETAko kide ohia.

Lehena «ahuldadez jositako pertsonaia indartsu» gisa deskribatu zuen, eta lanean izaten dituen presioei, barne borrokei, bere kontraesan propioei eta «bere baitako mamuei» aurre egin beharko diela azaldu zuen. «Orain arte bigarren mailako pertsonaiak izan dira poliziak, Armentia inspektorea kasu. Pertsonaia berezi bat behar nuela erabaki nuen eta horrela sortu zen Leire, kontraesanez betea egon arren indartsua eta erakargarria ere baden emakumea. Ez da izango Leire nire nobeletako batean agertzen den azken aldia», iragarri zuen. Pertsonaia eraikitzeko iturri nagusia foruzainak beraiek izan direla azaldu zuen idazleak, «batez ere euren lankideen arteko giroa modu sinesgarrian» azaldu nahi zuelako, baita haiek epaile, guardia zibil eta forentseekin duten harremana ere. «Euren egunerokoan gertatzen dena erreala izatea nahi nuen».

Irujo, aldiz, ETAko kide izanagatik espetxean egon ostean bere bizitza berreskuratzen saiatzen den gizonezkoa da, baina lau urteko alabaren desagerpenak hankaz gora jarriko ditu bere asmoak. Pertsonaia honen kasuan, «bizi duen hori modu sinesgarrian islatzea» izan da iruindarraren erronka.

Istorioa eraikitzeak idazteak baino «dezente denbora gehiago» hartzen diola azaldu zuen: «Koaderno batean apuntatzen dut trama eta elementu berriak bertan txertatzen ditut. Gero eta lan handiagoa ematen dit elementu guztiak josi eta eskuetatik ihes ez egiteak», azaldu zuen. Nobela berriaren inguruan, irakurleak «trama konplikatu baina ulergarria duen thrillerra» aurkituko duela nabarmendu zuen: «Ziur naiz harrapatuko dituela».