Aviron helburu handirik gabe hasiko da Europan
Hasiera batean ligan gutxien jokatzen dutenei aukera emanez ekingo dio lehiaketari talde lapurtarrak. Gero, emaitzek jarriko dute bere lekuan.

Liga alde batera utzi, eta Europako ibilbideari ekin beharko dio Baionako Avironek, gaur 20.00etan Exeter Chiefs talde ingelesa hartuko baitu Jean Dauguer zelaian. Ligako azkeneko bi partidak galdu ostean, primeran etorriko zaio aldaketa, betiere garaipena lortzen badu.
Multzoko talderik indartsuenetakoa izango da gaur bisitari Baionan, baina lehiaketa honek ez du inon aparteko ikusminik sortzen, eta ez da jende asko espero gaur Jean Dauguerren. Harmailen erdiak betetzen badira sarrera handia izan daitekeela onartu beharko da. Exeter bera ere ez da Ingalaterrako ligan indarrik handiena duen taldea, beraz, gaur Baionako zelaiak denboraldiko sarrerarik kaskarrena izango du.
Partida hauetan ohikoa izaten den moduan, orain arte minuturik gutxien jokatu dituzten jokalariek hartzen dute protagonismoa, eta gaur ere horrela izango da. Bruno, Pointud, Van Rensburg, Arganese, Labouyrie, Lapeyrade, Muller, Fa'aoso, Fonua, Taele, Chisholm, Ancely, Chouzenoux, Monribot, Loustalot, Rouoet, Duhalde, Otazo, Ugalde, Visensang, Dayerse, Vaka, Bustos Moyano eta Elisalde dira Noriega entrenatzaileak deialdian sartu dituenak. Peter Fitzggiobon irlandarra izango da partidako entrenatzailea.
Ohorezko Maila
Ohorezko Maila derbiarekin abiatuko da, izan ere, gaur 17.00etan Landaren Hernani eta Bizkaia Gernika lehiatuko dira. Gipuzkoarrak puntu premia handiarekin daude, orain arte bakarra lortu baitute. Bizkaitarrak aldiz, denboraldi hasiera honetako euskal talderik onena dira, eta ez dute Hernanik duen bezalako premiarik, baina gorantz begira jarri nahi dute berde-beltzek, eta horretarako puntuak nahi dituzte.
Hernanik hasiera txarra izan du, eta oraindik ligari tamaina hartu ezinik dabil. Gaurkoa izan daiteke egun aproposa. Zaleak ere gogoz daude euren taldea irabazten ikusteko, eta gaur ere ez dute hutsik egingo. Gernikatik ere ugari omen dira etortzekoak, eta Landaren arratsalde ederra pasatzeko moduko giroa izango da.
Ordu berean, Getxo Arteak El Salvador hartuko du. Bizkaitarrak ere ez dabiltza ongi, eta gaur oso arerio gogorra izango dute. Valladolideko taldea beti ateratzen da faboritoen artean, nahiz eta gero ez dituen lehiaketa gehiegi irabazten, baina beti izaten da aurkari oso zaila.
Getxok aurreneko seien artean egon nahi baldin badu, puntuak lortzen hasi beharra dauka, bestela behera begira jarraitu beharko du. Dena dela, azkeneko denboraldi hauetan erregulartasun falta handia izan du Getxok.
Ampo Ordiziak ere ez du denboraldi hasiera batere ona izan. Bihar jokatuko du, 12.30ean Bartzelonaren aurka Katalunian, eta Regilek zuzentzen dituen mutilek garaipena lortzeko premia handia daukate.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
