Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA | Espainiako Txapelketa

Urre bat eta bi brontze euskal lehiakide gazteentzat

Bartzelonan jokatu zen jubenilen mailako Eskaladako Espainiako Txapelketan euskal selekzioak hiru podium erdietsi zituen: Mikel Linazisorok urrea 16 urtez azpikoen mailan, eta Bittor Espartak eta Miriam Mulasek brontzea 18 eta 20 urtez azpikoetan.

Fedme-k antolatutako eskalada lehiak amaitu dira jada. Azkena urriaren 11n izan zen Bartzelonan: Eskaladako Espainiako Txapelketa jubenilen mailan. Jakina, beste behin, Euskal Mendizale Federazioaren euskal selekzioa bertan izan zen, eta, zalantzarik gabe, hitzordu nagusi horretan erdietsitako emaitzak bikainak izan dira oso: hiru podium eta finalista ugari. Nafarroako mendi eta eskalada federazioaren ordezkariak ere lehiatu ziren, eta hauen emaitzak oso apalak izan dira; soilik lehiakide bat pasatu zen finalera.

Aurreratu dugun legez, Fedmek Bartzelona aukeratu zuen txapelketa horretarako, eta ohi den bezala, hiru mailatan jokatu zen: 16, 18 eta 20 urtez azpikoetan. Nagusien hitzorduetan ez bezala, gazte maila hauetan lehiak arrakasta handia dauka; izan ere, La Foixardako rokodromoan Espainiako Estatutik iritsitako 90 bat lehiakide lehiatu ziren. Ia ehun gazte oso motibatuta eta dena ematen; lehien zaleek zein antolatzaileek dioten modura, oso kontuan hartzeko kopurua da. Horrek guztiak hein handi batean erakusten du federazio ezberdinetako eskalada sailetan lan handia egiten ari direla. Eta hilaren 11koa ikusita argi dute, harrobi ederra egoteaz gain, eskalada lehien mundu horrek gure ingurumarian etorkizuna duela.

Aipatu dugun bezala, ia ehun lehiakide gaztek parte hartu zuten, neska zein mutilak, eta ia maila guztietan eskalatzaileen kopurua oso handia izan zen. 16 urtez azpikoen mailak, mutiletan, 24 parte-hartzaile izan zituen; 18 urtez azpikoan, nesketan, 17; 20 urtez azpikoan, mutiletan, 20...

Aipatu dugu lehiakideen kopurua oso garrantzitsua izan zela, bada horri guztiari ikusleena ere gehitu behar zaio. Oro har, ikusle asko bertaratzeaz gain, lehiaketa osoan egon zen giroa bikaina izan zen.

Aipatu dugu EMFren euskal selekzioa Bartzelonan izan zela, baina ez ziren izan euskal ordezkari bakarrak; izan ere, ekipatzaileen artean bi zeuden: Patxi Arozena eta Patxi Usobiaga.

Lehia ezberdinei dagokienez, esan behar dugu borroka estuak ikusi zirela; hots, emozioz beteriko txapelketa izan zela. Alabaina, lasai asko aurreratu dezakegu faboritoek ez zutela hutsik egin.

16 urtez azpikoetan, adibidez, ezusteko ederra egon zen: lehiakideen maila oso handia izan zen. Eta kontuan hartu behar dugu 12 eta 15 urte bitarteko eskalatzaileek hartzen dutela parte. Mutilen kategorian, jakina, faborito nagusiak irabazi zuen. Mikel Linazisorori buruz ari gatzaizkizue. Bergararrari esker euskal selekzioak lehen podiuma sinatu zuen. Podiuma eta urrea. Dotoretasun osoarekin gailendu zen; beraz, argi eta garbi geratzen da maila horretan Linazisorok nagusitasun osoa duela. Duela aste batzuk aipatu genuen Munduko Txapelketan finalista izan eta zortzigarren postua lortu zuela. Euskal selekzioko kideak txapelketa biribila egin zuen; eskalatutako bi bideak kateatzen lehiakide bakarra izan zen. Beste era batera esanda, bere lehiakideak baino puntu bat gorago dago. Horrela bada, Linazisorok Fedmeren Kopa eta Txapelketa irabazi ditu. Azpimarratzeko modukoa da era berean, beste bi euskal ordezkari finalera pasatu zirela: Andoni Esparta laugarrena izan zen eta Eneko Carretero seigarrena.

18 urtez azpikoen mailan, nesketan, Andrea de Goñi nafarra bosgarren postuan sailkatu zen. Mutiletan, berriz, bigarren euskal podiuma Bittor Espartak erdietsi zuen. Hain zuzen, hirugarrena izan zen, eta Gorka Ruiz seigarrena.

20 urtez azpikoetan, azkenik, euskal ordezkariek emaitza oso onak poltsikoratu zituzten. Miriam Mulasek, adibidez, hirugarren postua lortu zuen. Mikel Madinabeitiaren postuarekin, berriz, hainbat eite argitzeke daude. Laugarrena izan zen, baina haren aurretik Andorrako lehiakide bat sailkatu zen, eta, antza denez, sailkapen ofizialean ezin du puntuatu. Beraz, Madinabeitiak hirugarrena behar luke izan. EMFkoek adierazi digutenez, helegitea jarri dute, baina ez dute oraindik erantzunik jaso. Azkenik, Luken Hernandez zazpigarrena izan zen.

«Emaitza bikainak»

Orain arte txapelketaren kronika zein emaitzak aipatu ditugu, ondoren, emaitza horien azterketa egingo dugu; hain zuzen ere, euskal selekzioaren hautatzailearekin, Josean Mulasekin. Hautatzaileak GARAri adierazi dionez, oso gustura dago gazteek eginiko lanarekin: «Gure lehiakide ia guztiak finalera pasatu ziren; soilik hiru geratu ziren kanpoan. Parte-hartzaileen kopurua ikusita datu hori oso garrantzitsua da. Lehen askoz ere lehiakide gutxiago zeuden, eta `erraza' zen finalera pasatzea. Egun finaletara pasatzea asko baloratzen dut. Horretaz gain urre bat eta bi brontze sinatu dituzte; eta oraindik Mikel Madinabeitiaren inguruko helegitearen erantzuna falta zaigu. Hiru podium izan dira, baina beste hiruzpalau izan zitezkeen; izan ere, euskal ordezkari batzuk gertu ibili dira, pare bat heldulekutara».

Mulas pozarren dago gazte hauek bilakaera oso ona eta egokia izaten ari direlako: «Den-denek hobetu dute. Sailkapeneko bideetan plakak jartzen dizkiete eta, duela urte batzuk ez bezala, horietan ondo baino hobeto mugitzen dira. Linazisoro alde batera utzita, besteek oso jardun ederrak egin dituzte. Andoni Esparta, adibidez, mugimendu batengatik ez zen podiumean sartu, eta soilik 12 urte ditu. Bere anaia Bittor, Madinabeitia, Ruiz, Hernandez, Carretero... oso progresio ona izaten ari dira. Nire alaba Miriamen kasuan, aipatu behar da bere kategorian neska gutxi daudela. Oro har, gero eta gehiago dira, baina oraindik hutsune batzuk falta dira».

Amaitzeko, Mulasek onartu digu gazte horien etorkizunarekin oso baikor dela: «Daukaten oinarriarekin oso gustura nago. Lanean jarraitu behar dute. Batzuk orain arte ez ziren finaletara pasatzen eta egun hor dira».

Baikorra

Euskal selekzioaren hautatzaile Josean Mulasek dio oso emaitza onak erdietsi dituztela. Hiru podium lortzeaz gain, ia gehienak finaletara pasatu ziren.