Jaime Valverde
KRITIKA antzerkia

Emakumeak mintzo

Larunbatean euskal antzerkiaren jaia ospatu zen Bilbon. Goizean Eidabe taldeak «Sardina freskue» eskaini zuen Plaza Barrian umeentzat. Eguzkiak gogor jo arren, atsedenik gabe aritu ziren taldekoak kolorez eta musikaz betetako ikuskizun ederrean, bertaratutako umeak alde batetik bestera eramanez, dantzaz eta olgetaz.

Bazkalostean, Deustuko Erriberako auzotarrek Pastoral Ibiltari bat antzeztu zuten, beren auzoko kaleak nahierara baliatuz, eta publikoa txundituta utziaz. Ikuskizunak izena eta izpiritu herrikoia hartu ditu Zuberoako pastoraletik, baina gainontzean auzotarren irudimena izan da gidari. : «Lutxa ala luntxa» antzezlanak auzoaren historia du ardatz. 25 aktorek emakumeek egindako lanak irudikatu zituzten errealismo handiz. Ikuskizuna oso hunkigarria suertatu zen, iraganeko pasadizoak gertatu ziren espazio berean berpiztu zirelako, protagonisten oinordekoak diren herritarrek gorpuztuta. Liluratuta geratu nintzen ni ikustean Bilbo bezalako hiri batean posible dela horrelako ekimen bat: zer eta benetako herri antzerkia.

Arratsaldez eta jada Pabiloi 6 aretoan, Imanol Ituiño magoa eta EzDokHiru bikotea aritu ziren. Ituiñok talentu eta etorkizun handiko gaztea dela erakutsi zuen, eta Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak edozein egoeratan kapazak direla jendeari barrea eragiteko, euskara eta euskaldunei buruzko beren hitz-jokoekin.

Antzerkizale Eguneko gala berezia izan zen, emakumeek osorik egina izan zelako. Dantza, musika, bertsolaritza, lan teknikoak... taulari dagozkion ofizio gehienak ordezkatuta egon ziren, alor guztietan zailtasun erantsiei aurre egin behar dietelako emakumeok. Horietako baten esanetan, egitasmoaren parterik garrantzitsuena prozesua izan da, estreinakoz bildu baitira emakume antzerkilariak beraien egoeraz mintzatzeko: ikusgarritasuna, zuzentzeko eragozpenak, paper estereotipatuak...

Galaren prestaketa oso laburra izanik ere, katarsi handiko ikuskizuna kausitu zuten, aurretiko prozesuak sortu energia transmititzen zuelarik. Bukaeran Begoña Foruriari, Bilboko euskal antzerkian aitzindaria denari, eman zitzaion Antzerkizale Saria. Onintza Enbeitaren bertso hunkigarriarekin amaitu zen gala, baina zerbait hasi zelako sentsazioa utzi zuen. Emakume antzerkilariek asko dute esateko, eta gizonok, beraz, asko entzuteko.