Berriz ere erlijio irakasleekin bueltaka!
Bada denboralditxo bat uste genuela ezerk ez gintuela asaldatuko baina lur eta zur geratu gara albistea irakurri dugunean: Hezkuntza Sailak hainbat gaietan ordezkapenak egiteko zerrendak zabaldu ditu eta harritzen gaituena izan da zabal- dutako zerrendetako bat erlijiokoa dela irakurtzea.
Langabean dauden gure lizentziadunak, zenbait baldintza betetzen badituzte eta beste hainbat merezimendu aurkezten badituzte, ondo neurtutako zerrendetan izango dutela beren izena eta lurralde ordezkaritzak deituko diela ordezkapenen egitea beharrezkoa balitz prestatuta dauden gaietan.
Zer behar da erlijioko irakaslea izateko? «Missio Canonica» deitzen dena lortu eta zer prestakuntza behar da horretarako? Sei hilabeteko ikastaroa eta apezpikuaren onesmena, hau da erlijioko irakasleak gotzain jaunak aukeratzen ditu berak jakingo du nola, gainerako gajo bekatariek egin eta bete behar ditugun baldintzetatik at. Berriro ere gogoratu nahi dugu guztiok ordaintzen ditugun zergekin ordaintzen zaiela, hau da, denok jartzen dugu gure «obolotxoa» erlijio jakin batean gero eta urriago den ikasle kopurua doktrinatzeko.
Ez, eta ez da hori dena. Hezkuntza Sailak ez ditu datuak eman nahi eta bide batez salatu nahi dugu ez gaituela guztiok berdin tratatzen, ezen beste guztion datuak publikoak dira eta erraz topatu ahal izatekoak, badakigu aurten, azkeneko urteetan lez, erlijioko irakasleak ez dituztela behar adina ikasle ordutegi beteak izateko eta, beraz, beste gaietako orduekin osatzen zaizkiela ordutegiak, gai horietako zerrendetako irakasleek emango lituzketen orduak (baina konponbide hau dela-eta beren etxeetan geratuko direnak). Ezagutzen ditugu astean ordubete erlijio eta 18 ordu historia (plaza osoa) ematen dituzten irakasleak, edo 2 ordu erlijio, 3 psikologia eta gainerakoa zuzendaritzan igarotzen duenik ere...
Hala eta guztiz ere, zerrendak zabaltzen dira erlijioko irakasleentzat, zer irakasteko baina? Urtez urte ikusten dugu erlijio ikasleak gero eta bakanagoak direla... Zertarako behar ditugu irakasle gehiago, ditugunak ordutegi osoa ezin bete eta beste gaietako orduak lapurtzen ari dira-eta?
Areago erlijioko irakasle izateko izena ematen duen oro berehala lizentzia duen gaian jarriko dute bere izena nahiz eta gai bereko beste lizentziadunei izena ez hartu «zerrendak itxita daude» esanez.
Hezkuntza Sailaren lotsagabekeria larria da. Esaten digute arazoa Madrilen dagoela, konkordatua dela-eta. Egia da zaharkitutako eta demokraziaren aurkako konkordatua sinatuta dagoela (Francoren garaietatik), baino erlijioko irakasleria eskualdatutako gaia da. Berak erabakitzen ditu irakasle horien lan baldintzak eta zerrendak zabaltzea...
Hezkuntza Sailari gai honetan gardentasun osoa eskatzen diogu, mahai gainean eta agerian jar ditzala erlijioko irakasleei buruzko datuak: zenbat dira, zenbat ordu ematen dituzten beren gaietan, zenbat besteetan... Baita ere erlijioa irakasteko kontratatuak direnek erlijioa irakats dezaten soilik eta bakean utzi beste gaiak eta eskola barruko bestelako lanak.
Egunotan ikasleria mugitu da Lomce-ren aurka. Kaleetan entzun dugu «eskola laikoa, erlijioa eskolatik at». Hezkuntza Sailak ez du ezer ikusten, antza, ez du ezer entzuten, Munilla jaunaren ildoak izan ezik.

Sufrimenduaren zikloa ixteko etxeratzea, gazteenen eskaria

Bilbo se moja por el fin de la «injusta legislación de excepción» carcelaria

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo
