Ak-su haranean betekada sokada italiar batentzat
Matteo de Zaiacomok eta Luca Schierak osatutako sokadak bi bide berri zabaldu eta beste hiru errepikatu ditu Ak-su haranean (Kirgizistan) dauden hormatzarretan. Italiarrek, besteak beste, «Atlantide» bidea (6c/7a, 700 m) sortu zuten Ortotyubek mendiko hego paretan.
Ak-su haranean dauden hormatzarrak ez dira berez oso ezagunak «publiko» zabalarentzat. Alabaina, granitozko paradisu hori bisitatzen duenik bada. Horietako batzuk dira Matteo De Zaiacomo eta Luca Schiera eskalatzaile italiarrak. Uda aldean Kirgizistaneko pareta horiek bisitatzen izan dira, eta hein handi batean, aitortu dezakegu betekada hartu zutela.
Jardun horietan, gainera, eskalada garbiaren aldeko apustua egin zuten. Aipatzekoa da Ortotyubek mendiaren (Central Pyramid izenarekin ezagutzen da, 3.895 m) hego aurpegian protagonistok «Atlantide» bidea bistan eta 22 orduko jardunean zabaldu zutela: 6c/7a, 700 m. Mendi horretan bertan hego-mendebaldeko ertza (7b, 450 m, gailurrik ez) ere bistan eta sei ordutan sinatu zuten.
Petit Tour mendian (3.500 m), berriz, «frantziarren bidea» (6c, 280 m) bistan igo zuten. Eta Pik Slesovan edo Russian Tower bezala ezagutzen den erpinean (4.240 m) «Perestroicrack» marra (7a/b, 800 m) ia era askean eta 12 ordutan sinatu zuten. Eta amaitzeko, Schierak «La Bolla» bidea (300 m) hiru ordutan zabaldu zuen Central Pyramiden (3.400 m).
Irakurritakoa da, oro har, sokada italiarrak Ak-suko hormatzarretan eginiko lana. Hurrengo lerrootan, berriz, Schierak berak luze eta zabal hitz egingo digu Kirgizistango pareta horietan bizitako esperientziei buruz.
Ak-su harana
«Udan sartzeko egun gutxi falta zirela, Matteo De Zaiacomo Giga eta biok Kirgizistanera abiatu ginen. Eskaladari buruzko AEBetako aldizkari batean abiatu ginen haranean dauden hormatzarrei buruzko artikulu arras interesgarria irakurri genuen. Eta orri haietan ikusitakoak Ak-sura joatera bultzatu gintuen. Egun batzuk bidaiatzen igaro ondoren, Batkenera heldu ginen. Auto bat hartu eta bidaiarekin jarraitu genuen. Hau utzi, eta bi eguneko ibilaldia egin ostean (40 kilometro, gutxi gorabehera) kanpaleku nagusia altxatu genuen. Alderdia ederra da oso, berdea eta zipres batzuez inguratuta. Ak-su izenak `ur ilunak' esan nahi du, eta hara hurbildu bezain laster, horretaz jabetu ginen.
Atlantide
»Kanpaleku nagusitik irten ginen gure lehenbiziko egunean Ortotyubekeko hego paretaren erdian marraztuta dagoen artesia ikusi genuen. Igo gabe zegoen, eta iruditu zitzaigun artesi luze hura eskalatzeko gai izango ginela. Erabakia hartu genuen: tresneria guztia hormatzarraren oinarrian utzi genuen.
»Biharamunean, egunsentiarekin batera itzuli ginen. Katu-oinen goma berotu eta eskalatzen hasi ginen. Artesiaren sarrerara heldu eta metroak eta metroak `jaten' gindoazen. Artesia ederra zen, baina espero genuena baino askoz ere garbiagoa. 100 metro eskalatu ondoren, artesia bukatu eta ertz batetik jarraitu genuen. Hodei batzuk agertu ziren, eta gailurrera iristeko metro batzuk falta zirenean, txingorrak harrapatu gintuen. Oso azkar, gailurreriatik jarraitu eta rappelatzeko leku egoki baten bila murgildu ginen. Ekaitza baretu zenean, giroa ilun zegoen. Guztira, zortzi ordu behar izan genituen pareta rappelatzeko. 22 orduko jardunaren ostean, kanpalekuan geunden.
Bide ezezaguna
»Mendi horretan bigarren marra bat eskalatu nahi genuen, eta berriro martxan jarri ginen. Hainbat artesi eta plaka igo ondoren, hego-mendebaldeko ertzera iritsi ginen. Marra oso polita zen, baina eskalada horretan ikusitakoak zur eta lur utzi gintuen. Inolako begirunerik gabe, handik igo zirenek txapa ugari jarri zituzten, baina ondoren beste batzuk kendu ere bai. Plaka leun batera heldu ginenean, txapa horiek kendu zituztela ikusi genuen. Jaitsi ginen.
»Bi egun beranduago, berriro bide horretan sartu, oso azkar igo eta sekzio hori saihesteko artesi batzuk aukeratu genituen. Hiru luze igo eta elurrak bisita egin zigun. Zati zailenak eskalatu gabe genituen, baina ekaitza ez zen baretu. Azkenean, rappelatzea erabaki genuen.
Petit Tour-Perestroicrack
»Oso ezkor geunden; izan ere, aste osoa euritan pasatu genuen. Pazientzia agortu ondoren, Petit Tour mendian dagoen 300 metroko bide bat eskalatu genuen. Artesi offwidth luze bat protagonista bihurtu zen.
»Marra hori eskalatu eta geure bigarren xedera abiatu ginen. Slesova mendian dagoen `Perestroicrack' bidea zen. Marra ezagun hori eskalatzaileen artean oso ezaguna da, eta askok diote munduko ederrenetarikoa dela. Eskalatzaile askok haran horretara bidaiatzen dute soilik `Perestroicrack' bidea eskalatzeko.
Badaezpada, azkar
»800 metro luze den marraren oinarrian egin genuen lo. 1992. urtean frantziar talde batek zabaldu zuen, eta urtebetera puntu gorria jarri zioten. Bazirudien eguraldiak ez zuela okerrera egingo, baina, badaezpada ere, azkar eskalatu genuen. Eraginkortasun handiarekin igotzen ari ginen, eta sei orduko eskaladaren ondoren, bibakera heldu ginen. Hotz handia egin zigun, eta soilik lo-zaku bat eraman genuen. 14 ordu beranduago, eguzkiaren lehen izpiak berotzen hasi ziren. Eguerdia zen.
»Bidearen giltza bistan eskalatu nuen. Zaila zen, eta, gainera, sekzio hori mikrofriend batzuekin babestu behar zen. Zoritxarrez, ez nituen arnesean. Bide osoa era askean igotzeko irrikatzen nintzen, baina plaka leun batean akats bat egin nuen, eta neure helburua pikutara joan zen. Jaitsieran probatu eta librean atera zitzaidan.
»Ondoren, berriro eguraldiak txarrera egin zuen, baina bidaiaren azken eguna ondo baino hobeto aprobetxatu nuen. Nire kidea min hartuta zegoen, eta Central Pyramiden bide berria zabaldu nuen. 300 metrokoa da soilik, baina gustura geratu nintzen».

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria
