Andoni ARABAOLAZA
Himalaia Sakaton mendia

FEDMEren alpinismo taldeak ikasturtea borobildu du

Mikel Zabalza buru, orain arte igo gabe zegoen Sakaton mendian (6.325 m, Nepal) «Pura vida» bidea zabaldu du taldeak. 1.300 metro luze da, eta MD+ (M5, 80º) zailtasuna du. Espedizioan beste bi euskal ordezkarik ere jardun dute: Alberto Fernandez eta Mikel Ajuria.

FEDME Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioaren egungo alpinismo taldeak dagoeneko amaitu du bere zikloa. Hiru urte eman dituzte Mikel Zabalza zuzendariaren «agindupean». Eta, ohi legez, ikasturte amaieran espedizioa egin dute. Nepalgo Himalaiara bidaiatu dute, eta Zabalzarekin batera bi euskal «ikasle» izan dira: Alberto Fernandez eta Mikel Ajuria. FEDMEren talde horretan beste euskal ordezkari bat zegoen, Erlantz Diaz, baina bizkaitarrak ezin izan du espedizioan parte hartu.

Zabalzak argi eta garbi zeukan zein izango zen azken bidaiaren helburu nagusia: Kusum Kanguru mendiaren (6.367 m, Nepal) ipar horma. Baina, zoritxarrez, xede hori bertan behera utzi behar izan zuten mendiaren zein eguraldiaren baldintzek behartuta.

Hala eta guztiz ere, taldea ez zen mendi hori dagoen haranetik irten; Kysar haranetik. Eta lasai asko esan genezake, alderdi horri gustua hartu ziotela; izan ere, inguruko mendietan gora eta behera ibili dira. Mugimendu horretatik atera duten emaitza adierazgarriena igo gabe zegoen seimilako baten gailurra zapaltzea izan da. «Sakaton» izena (nepalieraz, «ez horregatik») jarri diote. Eta seimilako horretan «Pura vida» bidea (MD+, M5, 80º, 1.300 m) sortu dute.

Esan dugun bezala, Zabalzak zuzendutako alpinista gazte horiek Kysar haranean altxatu zuten kanpaleku nagusia. 26 eguneko espedizioa izan zen (irailaren 25etik urriaren 31ra), eta girora egokitzeko Kusum Kanguruko hainbat ertz eta tontorretan jardun zuten. Mendebal gailurrean (5.580 m), adibidez, ipar-ekialdeko ertza (IV+, 500 m) eta hego ertza (V/M, 300 m) eskalatu zituzten. Eta Eki tontorrean (5.900 m) eki ertza (V+/M, 70º, 600 m).

Eskalada horiek egin eta gero, Zabalzaren taldea prest zegoen beste erronka gogor batzuei ekiteko. Bi sokadatan banatu ondoren, Kyasar mendiaren (6.780 m) mendebal ertza eta Sakaton mendiaren hego-mendebaldeko espoloiaan saiatu ziren. Baina, baldintza kaskarrekin topo egin eta eguraldi gaiztoa atea jotzen ari zela-eta, atzera egin behar izan zuten. Kyasarren 6.300 metroko garaieran buelta eman zuten, eta, Sakaton mendian, 6.100 metroko garaieran.

«Pura vida»

Irakurritakoaren arabera, alpinistok, sasoian egoteaz gain, oso motibatuta zeuden. Hori dela eta, Sakaton mendian berriro saiatzea erabaki zuten; hots, oraindik igo gabe zegoen seimilako horretan. Bi sokadatan banatu ziren. Lehenbizikoan Juan Jose Cano, Fernandez eta Zabalza bera zeuden. Bigarrenean, berriz, Roger Caracach, Faust Punsola eta Ajuria. Bi talde horiek egun bateko tartea utzi zuten elkarren artean; jakina, haien arteko eragozpenak saihestu ahal izateko. Batez ere, lehen taldeak goitik bota zezakeenak (izotza) arazorik ez sortzeko. Horrez gain, lehen saioaren ibilbidea hein batean aldatzea erabaki zuten, besteak beste, hego aurpegian baldintza egokiagoak aurkitu zituztelako.

Lehen taldea paretaren oinarrian bibaka egin eta martxan jarri zen. Ibilbidearen erdian, alpinistok beste bibak bat egin zuten. Eta hirugarren bat jaitsieran. Beraz, Fernandez, Cano eta Zabalza lehenak izan ziren Sakatonen. Egun bat geroago, beste hiru kideek ere tontorra erdietsi zuten.

Zabalzak era honetara azaldu du eginiko jarduera: «Sakatonen zabaldu dugun bideak eskalada arriskutsua zuen bere baitan, batez ere pendiza handiko elurrezko sekzio batzuk eskalatu ditugulako eta aseguratzeko tarte egokirik ez zegoelako. Tarte batzuetan, gainera, elurraren baldintzak ez ziren batere onak; nahiko ezegonkorrak esango nuke. Urrats bat egin eta bi atzera. Zati delikatua zen. Progresioa, berriz, nahiko erraza zen. Aipatu behar da estrategiaz aldatu genuela. Lehen saioan ibilbidearen lehen zatia eskalatu genuen, baina, ondoren, hego aurpegira jo genuen. Estetikoki bide polita da».

Aurreratu dugun bezala, lehen taldeak jardueraren hirugarren egunean zapaldu zuen igo gabe zegoen seimilakoa. Baina oraindik jaitsiera zuten aurretik. Lehen zatia zabaldutako bide beretik egin zuten, baina, behe aldean, beste bide alternatibo bat hartu zuten. Bibakera gauez heldu ziren. Zabalzak dioen modura, jaitsiera ez zen batere erosoa izan: «Guztira, 25 rapel eta destrepe asko egin genituen. Jaitsiera nekeza izan zen oso».

Era horretara amaitu zen alpinista nafarrak hiru urtez zuzendu duen FEDMEren alpinismo taldearen espedizioa. Bigarren saioan Sakaton mendian «Pura vida» bidea zabaldu zuten, betiere, Iñaki Otxoa de Olzaren omenez. Zabalza, oro har, gustura dago taldeak eginiko lanarekin: «Gazte horiekin bizi izan dudan esperientzia oso aberatsa izan da. Ondo eskalatu dugu, asko gozatu dugu eta denok ikasi dugu asko».

Taldeak 2012-2014 ikasturtea amaitu da dagoeneko, eta, horrenbestez, Fernandezek, Ajuriak eta Diazek (hiru euskal ordezkariek) agur esango diote. Zabalzak, berriz, talde berriaren zuzendari lanetan jarraituko du.