Jarduera bikaina britainiarrentzat Mount Albertako ipar horman
Will Sim eta Nick Bulockek osatutako sokadak hormatzarraren bide gogorrenetarikoaren, «House-Anderson» marraren, bigarren igoera sinatu du. 1.000 metro luze da eta bidearen giltzak M8 zailtasuna du. Eskalada burura eramateko bi egun eta erdi behar izan dituzte.
Kanadako Mendi Harritsuak mendikatea eremu aparta da alpinismoa egiteko. Baina, zorionez ala zoritxarrez, ez du bisita gehiegirik izaten; batez ere, Europako alpinistena. Arrazoiak, berriz, honakoak dira: alderdi basatia da, muturreko eguraldia nagusi da... Eta horrek guztiak, jakina, erreskate lanak zailtzen ditu. Beste era batera esanda, konpromiso zein arrisku handiko parajea da.
Hori dela eta, lasai asko esan dezakegu mendizerra horretan goi mailako alpinismoa egiten duten espezialistak ingurumari hartakoak direla: Jason Kruk, Joshua Lavigne, Steve House, Vince Anderson, Alex Lowe, Barry Blanchard, Raphael Slawinski... Horiek guztiek benetako ekarpenak egin dituzte hango pareta eta mendi zailetan. Alabaina, noizean behin, izen handiko Europako alpinista batzuk ere bertaratzen dira. Will Sim eta Nick Bullock britainiarren kasua da horietako bat. Bada, biek osatutako sokada Mount Alberta mendiko ipar horman dagoen «House-Anderson» bidearen (WI5+, M8, 1.000 m) bigarren igoera egin du.
Europarrek egina izateko, ezohiko eskalada izan da. Ezohikoa da ere Bullockek mendilerro horretan duen eskarmentua, izan ere, zazpi bat aldiz bidaiatu du jada bertara: «Hara joan naizen bakoitzean, Kanadako Mendi Harritsuen sarean erori naiz. Niretzako hango mendiak erabat erakargarriak dira. Kanada lehen munduko herrialdea da, eta hori hala bada ere, uste dut kasu batzuetan bertan Himalaiako mendietan baino askoz egoera konprometituagoak bizi daitezkeela. Mount Albertara joan ginenean, adibidez, hegazkinak glaziar batean utzi gintuen, soilik gau baterako janariarekin, lo-zakurik gabe eta inorekin hartu-emanetan jartzeko aukerarik gabe. Bidearen sarreran jarri eta aurretik dituzun mila metroek erabat izutzen zaituzte. Gogoratu behar dut 90eko hamarkadatik mendiaren ipar hormak soilik bost igoera izan dituela. Eta hormatzar hori oso handia bada ere, soilik lau bide sortu dituzte; horietako bik oraindik ez dute errepikapenik jaso».
Hori guztia esanda, Bullockek argi du «House-Anderson» bidean bizi izan duen esperientzia mendi garaienetan bizi izan dituenak baino askoz ere arriskutsuagoa izan dela: «Denaliko Eslovakiar bidea egin nuenean, bederen, basozainekin hartu-emanetan ginen, eta eskura helikoptero bat zuten. Nepalgo Chang Himal mendiaren ipar horman jardun nuenean ere, gure sukaldariak telefono bat zuen. Mount Albertan, berriz, erabat isolaturik zaude».
Sokada britainiarrak, bederen, aldeko zerbait izan bazuen «House-Anderson» bideari ekin baino lehen. Izan ere, alpinistok bazekiten eguraldi ona izango zutela; iragarpenek, behintzat, hori zioten. Bidea poltsikoratu ahal izateko, bi egun eta erdiko lana behar izan zuten. Eta Bullockek aitortu duenez, marra zabaldu zutenekin ahoa bete hortz geratu ziren: «Steve eta Vincek egundoko ausardia eta kemena izan zuten, eta marra bikain baino bikainagoa zabaldu zuten. Eskuarki, ohiko mendizerretara joaten gara, besteak beste, mundu moderno honek dituen abantaila guztiak dituztelako: txostenak, informazioa, erreskate aukerak... Hori dela eta, Kanadako mendi horietan eskalatzeak erabat pozten nau, eta hango espezialisten aurrean txapela kentzen dut».
Luze gogorrak
Mount Albertaren ipar aurpegia ikusten dugunean, jakina, etxeko epeltasunaren laguntzarekin, oso irudi atsegina bezain beldurgarria transmititzen digu. Hango espezialistek diote horma ikusgarrienetariko bat dela. Will eta Bullock ere iritzi berekoak dira.
Goi mailako alpinistentzat oso erakargarria da, baina, era berean, urrutiko lekua ere bada. Bullockek dio horrek asko baldintzatzen duela igoera: «Paretara hurbiltzeko bidea ez da batere erosoa. Ibili eta ibili, rapel batzuk egin, eta, azkenean, prest zaude eskalatzeko. Uste dut Himalaiako, Alaskako, Indiako edo Pakistaneko hainbat mendirekin alderatuta, eskalatu dugun mendi horrek askoz ere konpromiso handiagoa eskatzen duela. Alabaina, aldeko gauza bat du: behin mendia igo ondoren, ia di-da batean itzultzen zara `erosotasunera'. Eta aldeko beste gauza bat ere badu: burokrazia konturik ez dago».
Simek aurreratu duenez, gainditzeko lehenbiziko urratsa paretaren irudia bera da: «Bidearen informazioa bageneukan, baina hormatzarraren oinarrian jartzen zarenean, lehenbiziko sentsazioa beldurrarena da. Izutzen zaitu! Jakina, bideak dituen luze teknikoek ere errespetua eragiten dizute. Eta jaitsiera, berriz, nahiko teknikoa da; aurrera dezaket ibilbide gehiena `bistan' egin genuela; izan ere, ez genuen ezer ikusten!».
Bidearen zailtasunari dagokionez, Simek baieztatu du oso iraunkorra dela: «Ez dugu inolako zalantzarik: luze asko oso gogorrak dira. Eskaladaren bigarren eguna, adibidez, zail baino zailagoa iruditu zitzaigun. Pareta oso tentea eta teknikoa da, eta oinak jartzen dituzun lekuak oso txarrak. Gainera, kontuan hartu behar da bibak deserosoa jasan genuela; ez genuen lo egin eta aurretik 800 metro eskalatuta genituen. Hori, jakina, gure besoek zein oinek ondo baino hobeto nabaritu zuten».
Igoeraren zailtasun teknikoa bera ere azpimarratuagatik, Bullockek «House-Anderson» bidearen arriskua (R/X) nabarmendu nahi izan du batik bat: «Sekzio batean, `triangelu alderantzikatua' delakoan, gauez eskalatu genuen. Gaueko bederatziak ziren, eta Willek eskatu zidan luze horietan ni joatea aurretik. Luze tenteak dira, eta izotza botatzen nuen. Gainera, une batzuetan izotz finean eskalatu nuen. Beldur nintzen: eroriz gero, sokakidea eramango nuen. Azkenean, leku horretatik metro batzuk aldendu eta izotz egonkor batetik igo nintzen. Une arriskutsuak izan ziren, baina onik atera ginen».
Sokada britainiarrak, beraz, Mount Albertako «House-Anderson» bidearen bigarren igoera egin zuen. Aurreratu dugun bezala, ezohiko eskalada da mendizale europarrentzat. Hala ere, protagonistok uste dute, agian beste igoeraren bat izan dezakeela: «Ipar horma horrek soilik bost igoera izan ditu, baina esan digute Mendi Harritsuetan benetako maisua den Raphael Slawinski interesatuta dagoela. Beraz, itxaron egin beharko da».

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén
