Julen Lizaso Aldalur
Gizarte kolaboratzailea
KOLABORAZIOA

Gezurra nagusi

Onartuko al lukete «kutsatzen duenak ordaindu» dezala leloaren araberako gaintasa?


Zaborrari buruzko eztabaidak, bost urteko liskar eta tirabira politikoak, izan du eraginik, gaiztotu egin du kaleko giroa; batzuek zaborra eurek nahi duten moduan ateratzen jarraitzeko eskubidea aldarrikatu dute. Besteek hori saihesteko alternatibak bultzatu dituzte herritarren ardurapean.

Egun, ika-mika «tutuaren» irteerara heldu da. Batzuek materia geldo bizigabearen pareko hondakinarentzat biltegia proposatu dute. Besteek ez dute nahi, erraustegiak ere eskoria eta errauts arriskutsuentzat behar duela jakin arren, Bizkaian Zallan daukatena bezalakoa.

TMB Tratamendu Mekaniko Biologikoaren instalazioan tratatu eta paketetan aterako den hondakin horren ezaugarri eta egonkortasunaren menpe egongo da biltegia eta Zestoako harrobiaren ingurua.

Aterako dena, berriz, sartutakoaren menpe, herrietan bildutakoaren menpe eta sukaldean jasotakoaren menpe. Azken finean, hondakinak etxean bereizi ala ez, funtsezkoa da, hots, horren menpe daude prozesuaren aurrekontua, TMBaren tamaina eta biltegiaren egokiera.

GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak hondakina bereizten duten herriak saritzea erabakiko balu, hau da, tasa TMBra eramandako poltsek duten hondakin organikoaren arabera aldatuko balitz, zer eskatuko lukete «ahalegintzen» ez diren herriek, orduan ere, bereizteari muzin egin eta kontsulta? Onartuko al lukete «kutsatzen duenak ordaindu» dezala leloaren araberako gaintasa horren «inposatzea»?

Ez Osinbeltzen ez Gipuzkoan ez da konponbiderik izango oinarrizko galdera tekniko soil bati erantzuten ez baldin bazaio. Antzeko biztanle kopurua, kontsumo ohitura berdintsuak, pareko baliabideak eta hiri tipologia berbera duten bi herrietako batek zergatik bidaltzen du besteak hiru aldiz errefus zabortegira? Politikan ez dago ahoa ixterik, erantzun mutu edo isilik.

«Gezurrak beste zapuzten du egia isiltasunak».