Rolwaling ibarrean ezohiko aktibismoa jarduera ederrekin
Lehen igoerak izan dira hiru: Domen Kastelic eta Sam Hennesseyren Chukima Go-ren mendebaldeko aurpegia; Paula Alegre eta Oriol Baroren Chukima Mendebal tontorra; eta Manu Cordova, Jordi Corominas eta Jonatan Larrañagaren azken mendiaren hego aurpegia.

Udazken honetan Himalaiako Rolwaling ibarrean jardun duten espedizioek uzta emankorra lortu dute. Eta kontuan hartzen badugu eskualde horretako mendiek bisita gutxi izan dituztela, bada emaitza askoz ere garrantzitsuagoa bihurtu da.
Rolwaling ibarra Katmandutik ipar-ekialdera dago; hain zuzen ere, Everestek dituen bi eskualderen artean: Khumbu Himal eta Lantang Himal. Haran hori Txinatik gertu dagoenez, Nepalgo agintariek 2004. urtera arte itxita izan dute. Baina argi geratu da, ate horiek zabaldu bezain pronto, alpinista batzuen-batzuek beren begirada hango mendietan jarri dutela. Eta guk hiru taldek sinatutako jarduerak azpimarratuko ditugu. Lehen igoerak eta bide berriak izan dira.
Dome Kastelic eta Sam Hennesseyk, adibidez, Chukima Go mendiaren (6.259) mendebaldeko aurpegiaren lehen igoera sinatu dute. Paula Alegre eta Oriol Baro, bestalde, Chukima Mendebal tontorrera (5.950 m) igotzen lehenak izan dira. Horretaz gain, sokada horrek Chekigo mendian (6.270) bide berria zabaldu du, baina ezin izan dute gailurra zapaldu. Eta Manu Cordova, Jordi Corominas eta Jonatan Larrañagak mendi beraren hego aurpegiaren lehen igoera sinatu dute. «Ezusteko» jarduerak, beraz, Rolwalingen, baina aipatzeko modukoak.
Eta kronikarekin hasteko, lehen bisitariekin hasiko dugu. Protagonistak Kastelic esloveniarra eta Hennessey estatubatuarra ditugu. Sokada horrek mendiaren bigarren igoera absolutua egin du, eta zabaldutako bideari «Kastelic-Hannessey» deitu diote: 90º-M4/60º-80º, 900 m.
Kastelicek adierazi duenez, iaz ibar berean Santi Padrosekin Kang Nachugo mendian (6.735 m) eginiko eskaladaren ondoren, Rolwalingekin erabat harrapatuta geratu zen: «Iazko eskarmentuaren ondoren, argi neukan itzuliko nintzela xede berriekin. Sami proposamena egin eta baiezkoa eman zidan. Aitortu behar da ingurumari hartan turisten edo trekking zaleen agerraldia oso handia bada ere, mendi haietan mugimendu alpinistiko handirik ez dagoela. Eta kontuan hartu behar da makina bat mendi igo gabe daudela».
Mendia igotzeko baimena jaso zuten, baina era bitxi batean. Hots, esan zieten Chukima Go igo gabe zegoela, baina sokada honek hainbat informazio arakatu ostean, ohartu ziren mendiaren lehen igoera britainiar-nepaldar espedizio batek erdietsi zuela. Hori bai, beste isurialde batetik. Alpinistok, berriz, mendiaren mendebal aurpegia zuten helburu. Girora egokitu eta aurpegi hori ondo aztertu ondoren, iragarri zieten hiru eguneko leiho on bat aprobetxatu zuten xedeari ekiteko.
Paretaren sarrerara heltzeko egun bateko ahalegina behar izan zuten. Biharamunean, oso goiz, martxan jarri ziren: «Igoeran zehar baldintza ezberdinekin egin genuen topo. Murruaren sarreran, adibidez, elur sakonean mugitu ginen. Erdialdean, berriz, izotz alpino bikaina eta tarte misto batzuk. Eta goialdean, azkenik, geure erritmoa mantsotu zuen elur freskoa. Egun osoa behar izan genuen ertzera heltzeko, bibak egoki bat bilatzeko eta dendak antolatzeko».
Hirugarren egunean tontorra zapaldu zuten. Eguzkiaren sorrerarekin martxan jarri ziren. Bibaka altxatuta utzi zuten, eta bizkar-zaku arinekin tontorrera abiatu ziren: «Soilik 150 metro geratzen zitzaizkigun. Baina kosta egin zitzaigun iristea ertza oso zorrotza, elurra oso freskoa eta arrokazko sekzio batzuk eskalatu behar izan genituelako. Hiru orduko jarduna izan zen. Denbora galdu gabe, bide beretik jaitsi ginen, eta gauerako bidearen sarreran ginen».
Bi eskalada
Rolwaling ibarrean beren ekarpena egin duten hurrengo protagonistak Paula Alegre eta Oriol Baro dira. Bikote honek ondo baino hobeto aprobetxatu zuen eskualde horretara eginiko bidaia; izan ere, azpimarratzeko bi eskalada egin zituen. Lehena, Chukima mendebal tontorraren (5.950 m) «Infleti» marra (MD-, 700 m) zabaldu ondoren. Eta Chekigo mendian (6.270 m) «Sopeti» bidea «MD+, 1.100 m) sortu zuten, baina gailurra zapaltzeko aukerarik ez zuten izan.
Hiru eguneko hurbilketa bidea egin ondoren, alpinistok Naa herrixkan kanpalekua altxatu zuten. Iritsi bezain laster, oso eguraldi makurrarekin egin zuten topo: «Herrian bertan metro erdiko elur geruzarekin altxatu ginen! Ekaitz bortitza izan zen, Annapurnan 41 hildako eragin zuen bera. Katmandutik irten baino lehen, eguraldi iragarpenetan ikusi nuen fronte oso gogor batek eskualdea astinduko zuela. Hori dela eta, zamaketariei azkar ibiltzea aholkatu nien. Zorionez, ekaitz horren hasierak hurbilketa bidearen amaieran harrapatu gintuen. Nahiz eta elurte gogor horrek geure xedeetara hurbiltzeko arazo bat baino gehiago eman zizkigun eta girora egokitzeko komeriak izan genituen, azkenean pozik gaude ibar horretan izan dugun emaitzarekin».
Barok adierazi digunez, han zirela xedeak aukeratu zituzten. Baina elurteari beste eragozpen bat gehitu zitzaion: «Perun edema gogor bat jasan nuen, eta azken espedizio honetan sintoma batzuk izan nituen. Ez zen egoera larria, besteak beste, aurpegia pixka bat puztu zitzaidalako; egun batzuetako atsedena hartu eta berriro eskalatzen hasi nintzen. Lehen eskaladari dagokionez, Chukima mendebal tontorrean «Infleti» bidea marraztu zuten: «Hasieran arroka dauka, ondoren elurrezko pendiz errazak eta ertzera iristeko mistoko luze batzuk. Gailurrera iristeko ertz zorrotz batetik joan ginen, baina erraza zen. Jaitsiera bide errazenetik egin genuen. Igo eta jaitsi: 12 ordu».
Bigarren helburuak garaiera handiagoa zuen: Chekigo (6.270 m). Han «Sopleti» marra sortu zuten: «Lehen izotz tartera arte sokara lotu gabe egin genuen. Ondoren, hamabi luze, horietako batzuk ensamblean, eskalatu genituen. Baina behin ertzera heldutakoan, buelta erdia ematea erabaki genuen. Gailurrera heltzeko ehun bat metro falta ziren».
«Oso estetikoa»
Rolwalingo azken protagonistak Manu Cordova, Jordi Corominas eta Jonatan Larrañaga ditugu. Zailtasun teknikoaren aldetik, bederen, hirukoteak eskalada adierazgarriena egin zuen. Chekigo mendiaren hego aurpegiaren lehenarekin egin ziren, eta horretarako «Shiva: straight to the top» marra (VI, M6, AI5, 1.200 m) sortu zuten.
Protagonistek, oro har, azpimarratu nahi izan dute zabaldutako bidea oso-oso estetikoa dela: «Eskalatu genuen marra gailurrera zuzen-zuzen doa. Behe aldean seracengatik pixka bat arriskutsua da. Eta uste dugu bideak hiru giltza dituela: mistoko lehen luzea, aseguratzeko ia aukerarik ez duena; M6 graduko beste luze bat; eta ertzean aurkitutako elurraren baldintza txarrak. Hitz gutxitan esanda, Grandes Jorasseseko `MacIntyre-Colton' bidearen ezaugarriak ditu, baina 6.000 metroko garaieran eskalatzen».
Girora egokitzeko Alegre eta Baroren «Infleti» bidea eskalatu, bi egunetako atsedena hartu eta Chekigora abiatu ziren: «Seracen arriskua hor zegoen, baina gure asmoa azkar eskalatzea zen; hots, egun bateko jarduna egitea. Gauerdian irten ginen , eta `berotzeko' M5 bat (arriskutsua) eskalatu genuen. Ondoren, M4 eta AI5 graduko lau luze; guztiak ala guztiak oso onak. Baina ezin izan genituen guztiz gozatu ia-ia korrika gindoazelako. Zailtasun horiek gaindituta, soka bat gorde eta elur malda batzuetatik ezkerrera egin genuen seracen arriskutik ihes egiteko».
«Lasaitua» hartu ondoren, beste zailtasun gogor batzuk gainditu behar izan zituzten. Hiru zati, hain zuzen ere: «Izotzean eskalatu genuen. Lehena erraza zen, bigarrena AI5 gradukoa eta galdera ikurra hirugarrenean geneukan. Eroria zuen izotz-kandelak aurretik genituen. Emozioa areagotu zen. 6.000 metroko garaieran ginen, eta azkenean M6 zailtasuneko luze bat atera zitzaigun. Gailurrera heltzeko soilik 300 metro falta ziren. Tontorra zorabiagarria zen! Oso arin eta azkar eginiko eskalada izan zen; guztira, 22 orduko jarduna izan zen».

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
