Surflari ernegatua
ITSASOA

Irizpideak mesedez

Urte osoan zehar ez dira asko surf munduan ematen diren albisteak. Hilabeteetan zehar bestelako erreportajeak eta istorioak argitaratzen ditugu, interesgarriak oso, gazteleraz inon aurki ezin daitezkeenak, baina ez dira albisteak, denborazkanpoko artikuluak baizik. Egunotan, ordea, albiste gaindosia izan da.

Nola kudeatu hori guztia? Ba aurrez ezarritako irizpideekin. Ez dago beste modurik. Batzuentzat beste albiste batzuk garrantzitsuagoak izango dira, edo erakargarriagoak, baina aurrez ezarritako irizpiderik gabe ez dago iparrorratz bat izango duen proiekturik. Ez du balio «hau gehiago gustatzen zait» sasi irizpideak.

Atal honetan albisteak hautatzerako orduan irizpide nagusiak honakoak dira: nazio ikuspegia duten albisteak izatea (EHSFko txapelketek ez dute betetzen irizpide hori, horregatik ez ditugu lehenesten); mundu mailan pisua duten albisteak izatea (ASPko txapelketak kasu); gazteleraz aurkituko ez ditugun artikuluak izatea; euskararen edo parekidetasunaren ikuspegitik albiste interesgarriak izatea. Gero azpi irizpideak ere izan badaude, baina esandakoarekin iparrorratzak norantz begiratzen duen asma daiteke, ezta?

Zenbaitek ez ditu gustuko besteen irizpideak eta bereak aurkeztu gabe gainontzeko guztiak epaitzera mugatzen da. Egun eremu askotan ikusten dudan gaitza da. Sarri plano pertsonalak eta kolektiboak nahastu egiten dira, gainera, eta horrela edozein kritika txarrera eta pertsonalki hartzen da; badirudi ez dagoela ezer esaterik, dena da mingarri «sensiblelandian». Batez ere, gazteengan ematen da fenomeno hori, eremu guztietan, baita surfean bertan ere. Ez dago ezer esaterik, dena gaizki hartzen dute, baina ez dute erantzuten, haserretu eta isilik geratzen dira. Horrela ez dago komunikaziorik, ezta zergatik haserretu diren jakiterik ere. Beraz, hor, momentu batean, eten bat izan da. Egungoa ez da hari baten jarraipena, beste hari bat baizik. Hobe da hori horrela dela onartzea, edozein gogoeta okerreko bidetik abiatzea baino.

Gazte ez garenok ulertzen ez ditugun irizpideak gailentzen dira, eta horrek edozein irakurketa egiterako orduan huts egitera garamatza. Gazte diodanean, 25 urtera arte da; hortik gorakoak helduak edo zaharrak gara. Buruz gazte direla dioten hippyekin ez nator bat; besteak beste, hala balitz, egungo gazteen irizpideak (edo irizpide eza), ulertzeko gaitasuna erakutsi beharko luketelako, eta, argi denez, ez da horrela.

Hippyak puristen taldean sar daitezke, guztiaren kontra daudela diote, baina aurkezten duten eredua egungoaren berbera da, beste kolore batekin, berdin du gorria edo morea den, baina berbera da, eta batzuetan muturrekoagoa ere bai.

Irizpideak garbi izan behar dira eta norberak bereak aurkeztu behar ditu, bestela ez dago debate posiblerik. Halako gauzak esaten ditudanean gazteak, euskaltzaleak eta feministak gainera botatzen zaizkit (bat direla dirudi), ni ere euskaltzale, edo feminista ez banintz bezala. Gaztea ez, zorionez ez dauzkat jada 20 urte, baina zenbait puntutan zuekin bat egiteko aukera ere izango dut ba? John Lennon ez nuen nik hil...