Jon LEUNDA
Errugbia Top 14

Avironek gora begira jartzeko aukera dauka

Zuri-urdinek galduko balute, jaitsieran ere sar litezke, maila galduko duten taldeen postuak bi puntura baitituzte. Lapurtarrek Bordeleko Begles hartuko dute Jean Dauguer zelaian, 18.30etik aurrera.

Baionako Avironek Gabonak lasai igarotzeko aukera paregabea dauka, baina baita huts egiten badu jaitsierako postuetan pasatzekoa ere. Beraz, gaur garrantzi handiko norgehiagoka jokatuko du Jean Dauguerren, Bordeleko Begles taldearen aurka, 18.30etik aurrera.

Zuri-urdinak etxean nahiko indartsuak dira, nahiz eta aurten zalantza batzuk ere sortu dituzten. Hala ere, gaurkoa hutsegin ezin den horietakoa da. Zuri-urdinak hamargarren daude 23 punturekin, eta Bordelekoak, berriz, sei puntu gehiagorekin seigarren postuan daude.

Avironek gaur garaipena lortuko balu, sailkapenean gora egingo luke, eta gutxienez 27 punturekin jarriko litzateke. Galduta, ordea, jaitsieran sar liteke, maila galtzeko postuak bi puntura bakarrik baititu.

Hori dena kontuan hartuta, Noriega entrenatzaileak garbi utzi du gaurko lau puntuak ezinbestekoak direla, eta zaleei ere deialdi berezia egin diete. Beraz, pentsatzekoa da, gaur Jean Dauguer betetzetik gertu izango dela. Bordeletik ere zale asko espero dira Baionan.

Igiñiz, Van Rensburg, Etrillard, Roumieu, Lepeyrade, Muller, Fa'aoso, Senekal, Taele, Chisholm, Haare, Macome, Monribot, Olivon, Loustalot, Rouet, Fernandez, Ugalde, Lovobalavu, Whitelock, Rokoçoko, O'Connor, Vaka, Bustos Moyano, Elisalde eta Spedding dira deialdia osatu duten jokalariak.

Kopa

Ohorezko Mailan ez da jardunaldirik izango, baina Kopa jokatuko da, final-laurdenak, eta hor aritzeko txartela Bizkaia Gernikak eta Ampo Ordiziak lortu dute, nahiz eta azken honek Santboianak uko egiteagatik lortu duen.

Bi taldeek bihar jokatuko dute, eta biek etxetik kanpo. Gainera, partida bakarrera erabakiko da auzia, eta bi euskal taldeek oso zaila izango dute finalerdietan sartzea. Ampo Ordiziak Valladoliden jokatuko du El Salvadorren aurka. Gaztela Leongo taldea oso indartsua da, eta aurten, gainera sekulako denboraldia egiten ari da. Ordizia, aldiz oreka bilatu ezinik dabil. Ustez neurketa erosoagoa dauka Bizkaia Gernikak, bihar Santanderren Bathcoren aurka jokatuko baitu. Kantabriarrek ere finalerdietan izan nahi dute, eta berde-beltzek gauzak oso zail izango dituzte. Bi kanporaketak bihar eguerdian jokatuko dira, 12.30ean hasita.