Andoni ARABAOLAZA
Eskalada Jarduera gogorrak

Eskaladan zein blokean estutzen

Ander Lasagabasterrek, astebetean, biako 8c+ eta blokean 8b+ bana sinatu ditu. Iker Arroitajauregik, lesioa gaindituta, 8b+ bat egin du.

Urtea amaitzen ari da, baina, hala ere, eskalatzaileen motibazioa ez dago geldirik. Azken bolada honetan, adibidez, Ander Lasagabasterrek eta Iker Arroitajauregik emaitza politak erdietsi dituzte. Lasagabasterrek argi eta garbi utzi du kirol eskaladan zein blokean ondo baino hobeto estutzen dakiela. Horren isla da, astebetean, biako 8c+ eta blokean 8b+ bana sinatu berri dituela. Arroitajauregi, berriz, min hartuta ibili da azkenaldiotan, baina lesiotik osatu da eta blokeko 8b+ sinatzeko gai izan da.

Protagoniston kronika hau Lasagabasterrekin hasiko dugu, pasa den azaroan arrasatearrak astebete borobila izan zuelako: «Poltsikora sartu nuen lehena, Araotzeko Korea sektorean dagoen `Sargori' bidea izan zen. Ondoren, sasoi onean nengoenez, pasa den Aste Santuan Baltzolan zintzilik utzi nuen `Hay que masticar antes de tragar' blokea hiru egunean sinatu nuen».

«Sargori» bideak, berez, Koreako bere «kideekin» ez dauka batere antzik: soilik sei txapa ditu, oso aleatorioa da, baldintza oso onak exijitzen ditu eta blokeko izaera du. Lasagabasterrek adierazi du marra berezi hori asko kostatu zaiola: «Makina bat saio egin ditut, baina zailena baldintza egokiak aurkitzea izan da; izan ere, ukipen ona eskatzen du. Bidearen zailtasunari dagokionez, zaila egin zait gradu bat ematea, baina uste dut 8c+ dela. Beste kide batzuek probatu dute, eta bakoitzak bere iritzia du».

Behin lehen helburua lortuta, arrasatearrak, blokeko sasoia aprobetxatuz, Baltzolako «Hay que masticar antes de tragar» blokeari ekin zion: «Bi blokeren (7c+ eta 8b bana) lotura da, eta biak ala biak eginak nituen. Aste Santua iritsi baino lehen, bloke horren azken mugimenduan erori nintzen. Eta antza denez, pauso hori erraza da. Erresistentzia eskatzen duen bloke bat da, eta gogorrena amaierako hatz bateko heldulekura fresko iristea da; hain zuzen ere, helduleku horretan blokeatu ahal izateko».

Lesioa gainditu berritan

Bien bitartean, Arroitajauregi berriro gogor estutzen ikusi dugu. Bai, pasa den uztailean Hoyamorosen eroriko gaiztoa izan zuen eta kalkaneoa hautsi egin zuen. Hilabete batzuk min hartuta izan da, baina berriro osatu eta sasoiko jartzen ari da.

Horren adibide da Pedrizan sinatu berri duen «Terrex» blokea. 8b+ gradukoa da, garaia eta amaiera psikologikoa duena. Hitz batean esanda, ezaugarri horiek asko erakartzen dute bilbotarra: «Egin berri dudan `Terrex' blokea orain arte eskalatu dudan onenetarikoa da. Erregeletez jositako xafla perfektua da, eta metro batzuk hartu ondoren, amaieran mantel delikatua du. Horrek kutsu psikologikoa ematen dio. Lauzpabost egun behar izan nituen pauso guztiak lotu arte. Garaiera duten blokeak gustuko ditut. Lesio batetik irten berri naiz, baina izaera horretako blokeak egiten saiatuko naiz. Hori bai, buruz eta arreta handiarekin».

Bien bitartean, gogoratu behar dugu Arroitajauregik hilaren 13an sari bat jaso zuela Madrilen. Hain zuzen ere, FEDMEk urtero banatzen dituen sarien artean, bilbotarrak kirol eskaladako eta blokeko jardun onenaren saria eskuratu zuen Fontainebleauko «Jour de chase» blokea (8c) egiteagatik: «Pozarren nago, ahalegin eta dedikazio baten aitortza izan delako».