Andoni ARABAOLAZA
Karakorum Lehen igoera

Igo gabe zegoen G-V mendian sokada korear batek saria jaso du

An Chi Young eta Seong Nakjongek osatutako sokadak 7.147 metroko garaiera duen mendiaren lehen igoera sinatu zuten. Korearrek hego-ekialdeko pareta hiru egunean eta estilo alpinoan eskalatu zuten. Azken eguna etenik gabeko 24 orduko jarduna izan zen.

Gasherbrum mendiek osatzen duten multzoa oso ezaguna da mundu osoko alpinistentzat. Garaierarengatik, jakina, irakurlearentzat G-I eta G-II ezagunenak dira, besteak beste, zortzimilakoen zerrendan daudelako. Besteak «senitarteko» txikiagoak dira; zazpimilakoak eta seimilakoak, alegia.

Eskuarki, Gasherbrum mendiak I, II, III eta IV zenbakiekin izendatzen dira; hain zuzen ere, zenbaki horiekin XIX. mendetik ezagunak dira. Besteak, berriz, «Gasherbrum IV mendiaren hego ertzean dauden tontorrak» bezala. Baina 1934. urtean, Gunter Oskar Dyhrenfurth geologo eta Himalaian adituak Gasherbrum V mendiaren izena proposatu eta independente bezala izendatzeko aholkatu zuen. Ordutik, G-V independente bezala hartu da, eta lehen aldiz bere tontorra zapaldu da. Hobeto esanda, Hego Koreako An Chi Young eta Seong Nakjongek osatutako sokadak zapaldu du.

1978. urtean, adibidez, talde japoniar bat G-V mendiaren ekialdeko tontorrera (7.006 m) igo zen, baina gailur nagusia lortzeko izan diren saio guztiak ezerezean geratu ziren. Korearrek, berriz, saria jaso dute uztailaren 25ean zazpimilako horren tontor nagusia zapaldu ondoren. Helburua lortu ahal izateko, hego-ekialdeko pareta aukeratu zuten. Guztira, hiru eguneko eskalada egin zuten; hori bai, estilo alpinoan.

Eta uste dugu azken eite hori azpimarratu behar dugula, besteak beste, orain gutxira arte korearrek beste estilo batzuk indarrean jarri dituztelako. «American Alpine Journal» aldizkariak aipatzen duenez, 2010. urtera arte espedizio korearrek zazpimilakoetan egin zituzten lehen igoera guztiak kapsula estiloan edo espedizio estilokoak dira. Soilik salbuespen bat dago: Kim Hyung-il alpinistak 2009. urtean Spantik mendiaren ipar-mendebaldeko aurpegian bide berri bat estilo alpinoan zabaldu zuen. Gogoratu behar da era berean, alpinista hori G-V mendiaren mendebal aurpegian saiatu zela estilo alpinoan, baina, 6.550 metrora zegoela, su txikiarekin izandako arazo batzuk tarteko erretiratu egin zen.

Beraz, aipatu legez, G-V mendiaren lehen igoera sinatu duten bi protagonistek eginiko jarduera bikaina izateaz gain, azpimarratzekoa ere bada estilo alpinoa aukeratu zutelako.

Hiru eguneko eskalada

Aipatu behar dugu, bi korearren hasierako asmoa mendiaren ipar-ekialdeko horma zela. Baina mendiaren aurrean zeudela, ohartu ziren pareta hartatik igotzea ezinezkoa izango zela. Arazoak: mendian sortzen ziren makina bat elurrolde, eguraldi makurra eta baldintza arriskutsuak. Alabaina, bikote horrek saio bat egitea erabaki zuen. Saio horrek, aldiz, ez zuen asko iraun, 6.400 metrora zirela jaisteko erabakia hartu zutelako.

Lehen saio hori egin eta gero, eta ipar-ekialdetik igotzeko aukerarik ez zutela ikusi zutenez, korearrek hego aurpegia aztertzea erabaki zuten. Protagonistok adierazi dutenez, ekinaldi horren ostean leher eginda zeuden: «Kanpaleku nagusira oso nekatuta iritsi ginen. Lan handia hartu genuen, eta mendiaren baldintzek ez ziguten aukerarik eman. Arduratuta geunden, baina beste saio bat egiteko prest ginen. Hego-ekialdeko horma aztertzera abiatu ginen, baita ikusi ere aukeraren bat edo beste izango genuela. Gainera, hurrengo egunetarako eguraldi iragarpenak animoak altxatu zizkigun; izan ere, hainbat egunetako leiho on bat iragarrita zegoen. Hori guztia kontuan izanda, azken aukera hori aprobetxatu behar genuen».

Eta azken saio horrek emaitza bikaina eman zuen. Kanpaleku nagusia 4.700 metrora altxatu zuten. Aktibitatearen lehen egunean, goizeko bostetan martxan jarri ziren. Baina eskaladaren hasiera hiru kilometrora zuten. Bost orduko ibilaldia behar izan zuten glaziarra, seracak eta izotzezko blokeak gainditu ahal izateko. Baina, azkenean, paretaren sarrerara heldu ziren. Ez zuten atseden hartu 6.600 metroko garaierara iritsi arte. Etenik gabeko 20 orduko jarduna izan zen, eta protagonista horiek 1.900 metroko desnibela gainditu zuten. Biharamuna atseden hartzeko eta hidratatzeko hartu zuten.

Eskaladaren hirugarren egunean, oso goiz jarri ziren martxan, hiruretan. Aurretik eskalada mistoa zuten, baina, hori bai, oso arriskutsua; besteak beste, goialdetik harriak erortzen zirelako. Ilunabarrarekin mendiaren gailurreriara heldu ziren. Ia indarrik gabe, eta, gainera, baldintzak ez ziren batere egokiak. Hala ere, 19.20an gailurra zapaldu zuten.

10 minutura gaua egin zen, eta lorik egin gabe jaitsierako bidea hartu zuten. 24 orduko jardun luzea izan zen.

Igo gabe zegoen seimilakoa bai, baina tontorrik gabe

Joao Garcia portugaldarrak eta Angel Salamanca espainiarrak Nepalgo Khumbu eskualdeko Tawoche (6.501 m) eta Cholatse (6.440 m) mendien artean dagoen seimilako bat igo dute. Hori bai, sokada horrek ez zuen helburu nagusia lortu, gailurretik oso gertu (200 metrora) geratu zelako.

Zabaldutako bideak «Jaime» du izena, eta 6.100 metroko garaieran amaitzen da. 1.300 metro luze da eta jarri dioten zailtasuna MD+ (V, WI5, M5+) da.

Alpinistok adierazi dutenez, beren helburua estilo alpino azkarrean igotzea zen; hots, non-stop delakoan: «Inolako presarik gabe, ondo baino hobeto egokitu ginen girora. Komeriak izan genituen kanpaleku nagusi txukun bat altxatzeko, eta horregatik ez gara harritzen seimilako horretan inor ez saiatzea».

Paretan eginiko eskaladari dagokionez, protagonistok esan dute hasieratik zaila zela: «Lehen luzeak oso tenteak eta arriskutsuak ziren, batez ere goialdetik erortzen zen guztiarengatik. Azkar gindoazen, baina nekatuta ere bai, elurraren baldintzak kaskarrak zirelako. Ensamblean asko eskalatu genuen. Goialdean, berriz, ertz batek leher eginda utzi gintuen. Jarraian, 70 graduko korridore bat gainditu eta handik lepo batera heldu ginen. Elurrez blokeatuta zegoen, eta, elurraren egoera ikusirik, jaistea erabaki genuen». Alpinistok 6.100 metroko garaierara iritsi ziren, eta tontorra beste 200 metrora zuten. Jarduera guztia osatzeko 18 orduko lana egin zuten. Andoni ARABAOLAZA