Nanga Parbatek ateak zabaldu dizkie lehen mendizaleei
Tomasz Mackiewicz da lehen bisitaria. Daniele Nardi eta Elisabeth Revolek sokada osatzen dute. Hirugarren taldea, berriz, Nickolay Totmjanin, Valery Shamalo, Serguey Kondrashkin eta Victor Kovalena da.
Duela astebete, udazkenetik negura egin genuen salto. Zortzimilakoetan urtaro berriak hainbat egitasmo sortu ditu, eta, aurtengo denboraldiari dagokionez, aurreratu behar dugu igo gabe geratzen diren Nanga Parbaten zein K2n mugimendua izango dela.
Momentuz, soilik Nanga Parbaten inguruko berriak jorratuko ditugu; izan ere, Pakistango mendi horretan jardungo duten mendizaleak kanpaleku nagusian edo handik gertu daude jada. «Presa» handia izan duena Tomasz Mackiewicz izan da. Pasa den azaroaren 12an, Islamabadera bakar-bakarrik bidaiatu zuen, eta hamar egun beranduago Nanga Parbateko Rupaleko isurialdean altxatzen den kanpaleku nagusiaren ingurumarian zegoen. Helburua oso argia da: girora ondo baino hobeto egokitu urtaro berrirako sasoiko egoteko.
Zortzimilakoak negu honetan jasoko dituen mendizale guztien artean poloniarra da motibazio handiena duena. Eta ez da harritzekoa; izan ere, Nanga Parbaten egingo duen bosgarren saioa izango da! Mackiewiczek aurreratu duenez, Rupal Peak (5.642 m) eta ondoan dagoen Laila Peak (5.971 m) aukeratu ditu sasoi puntu hori hartu ahal izateko.
Baina aurreko ekinaldietan ez bezala, poloniarrak Diamirreko isurialdean jardungo du. Ez dagoena oraindik oso argi da bakarka eskalatuko duen, edo kanpaleku nagusira laster iritsiko diren bi kiderekin, Daniele Nardi eta Elisabeth Revolekin, sokara lotuko den. Bakarrik bada, agian, «Messner» bidetik igotzen saiatuko da. Eta beste bi kide horiekin bada, Mummery ezproitik bide berria zabaltzen. Hori bai, Mackiewiczek argi du: «Zintzoa izango naiz: Nanga Parbatekin dudan hartu-emana behin betirako itxi behar dut. Nire bosgarren denboraldia da, nekatu samar nago, baina, jakina, prest nago tontorra zapaltzeko».
Errusiarrak ere bai
Aurreratu dugun legez, poloniarra ziur aski Nardi eta Revolekin izango da. Nardi, adibidez, iaz bakarrik saiatu zen, baina eguraldia ez zuen lagun izan. Duela bi urte, berriz, Revolekin ere saiatu zen.
Eta azken taldea, Errusiako San Petersburgoko lau mendizalek osatzen dute: Nickolay Totmjanin, Valery Shamalo, Serguey Kondrashkin eta Victor Kovalek. Lau protagonista hauek eskarmentu handiko alpinistak dira. Duela hiru aste, adibidez, Errusiako Urrezko Pioletaren ekitaldian aitortza jaso zuten Bezengi Wallaren lehen neguko zeharkaldia egiteagatik.
Laukotea duela astebete abiatu zen beren herrialdetik, eta Totmjaninek aurreratu duenez, zortzimilakoa Rupaleko isurialdetik igotzen saiatuko dira: «Geure asmoa `Shell' bidearen aldaera bat egitea da. Aurrean 3.600 metroko hormatzarra dugu, eta hiru kanpaleku altxatzeko aurreikuspena dugu. Azkena, hirugarrena, 7.000 metroko garaieran. Hortik irten eta gailurrerako bidea egiteko, soilik denda txiki bat eramango dugu. Aurreratu behar dut ere, pareta ekipatzeko 500 metroko soka daramagula».

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria
