Jon LEUNDA
Errugbia Top 14

Avironek aurkari zuzen bat izango du aurrean berriro ere

Zuri-urdinek Briveren zelaian jokatuko dute gaur arratsaldean, 15.00etan.

Baionako Avironek garrantzi handiko neurketa izango du berriro ere, gaur, 15.00etan, Briveren zelaian jokatuko baitu talde lapurtarrak. Pasa den astean bezalaxe, gaurkoan ere aurkari zuzen baten kontra aritu beharko du. Beraz, puntuek sekulako balioa izango dute, bai gaurko jardunaldiaren osteko sailkapenerako, baita denboraldiaren amaierarako ere.

Une honetan, Baionako taldea aurretik doa, 28 punturekin, eta frantziarrak atzetik doaz, puntu bat gutxiagorekin. Biek ere antzeko emaitzak lortu dituzte. Brivek sei irabazi eta zortzi galdu ditu. Avironek, aldiz, bost irabazi, bat berdindu eta zortzi galdu ditu, baina zuri-urdinek puntu gehigarri gehiago lortu dituzte, eta horri esker sailkapenean aurretik daude.

Gaur irabazteak bientzat sekulako garrantzia izango luke; izan ere, galduta, jaitsiera postuetan sartzeko aukera asko izango baitira. Kontua, ordea, Aviron etxetik kanpo ari dela da, eta horrek konfiantza murrizten du. Ez du partidarik irabazi, eta aurreko urteetako bideari jarraitzen dio aurten ere. Hala ere, noizbait hasi beharko du han ere irabazten, eta itxaropen horrekin daude zaleak, nahiz eta emaitzaz gain, jokoa ere jaisten den. Garbi dago ordea, mailari eusteko kanpoan ere zerbait atera behar dela, bestela etxeko lanak huts bakar bat ere egin gabe amaitu behar dira, eta hori oso zaila izaten da. Ondorioz, gaur lau puntu oso garrantzitsu izango dira jokoan, eta jardunaldia jaitsieran amaitu nahi ez baldin bada, garaipena beharrezkoa izango da.

Brivek ere asko du jokoan, eta segur aski ez da izango ikaragarrizko mailako norgehiagoka. Pasa den astean Oyonnaxeko neurketa tankerakoa zen, eta ez zen entsegurik izan.