Iritsiko da demokrazia Greziara?
Ideia ona da demokrazia antzinako greziarren autoprogadandaren ikuspegitik ateratzea eta gaurko greziarren borrokarekin lotzea
Demokrazia Grezian hasi zela entzuten dugu (demos-herria eta kratos-boterea uztartuta). Bistan dago gaur egun baliatzen dugun hitza handik datorrela, baina ez nago hain ziur esanahiari dagokionez. Izan ere, greziarrek historia idatzi zuten, berena eta menderatu zituzten herriena, beren ikuspegi eta interesen arabera, jakina. Beste herrien gainetik nagusitu direnek ahalegin handia egin dute ustezko nagusitasuna argudiatzeko. Aurrerapen teknologikoak, kulturalak, garapen ekonomikoa, asmakizunak... horiek garaileak eskuratzen zituen, garaitutakoak ikusezin bilakatuz. Pentsatzen ahal dugu, esaterako, demokratagoak izan zitezkeela greziarrek menpean hartu zituzten herri batzuk, historian barbaro gisa agertu direnak, hots.
Izan ere, Greziatik iritsi zaigu «barbaro» hitza ere, besteak gutxiestearen ikurra. Besteak gutxiestea menpekotasun harremanak ezartzeko aitzakia emankorra da. Mespretxua, menpekotasun harremanak, hori lortzeko gerla eta, finean, Atenasen inperialismoaren testuinguruan kokatu behar dugu, beraz, «demokrazia» hitzaren jatorria. Komeni da oroitzea demokrazia hark emakumeak, esklaboak eta atzerritarrak ez zituela aintzat hartzen. Beharbada, baten batek esanen digu hori ulergarria dela, garai hartan joera horiek nagusitzen zirelako, baina ez da hori historiak esaten diguna. Atenasen hori gertatzen zen garai berean baziren esklabotasuna onartzen ez zuten herriak, baita emakume eta gizonen arteko bestelako harremanak zituztenak ere. Baziren, finean, besteekiko hartu-emanak menderatze terminoetan irudikatzen ez zituztenak.
Nago ideia ona dela demokrazia antzinako greziarren autoprogadandaren ikuspegitik ateratzea eta gaurko greziarren borrokarekin lotzea. Kontua ez da demokrazia Greziara itzuliko ote den, XXI. mendeko herriok nahi eta dugun demokrazia ez baita inoiz ere gauzatu. Greziar ibilbide historikoan bada zer ikasi, baina gaur egungo kontzeptu eta estrategiak behar ditugu. Grezian demokraziaren inguruko lehia garrantzitsua gauzatuko da hurrengo asteetan, denondako ondorioak izan ditzakeena, eta gatazka honen helburua demokrazia historia edota politika liburuetatik atera eta jendartearen bizitzara eramatea da. Une egokia da, honenbestez, Gora Grezia eta Gora Demokrazia oihukatzeko.

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
